‘Humanity at Music’ topaketa artistikoak 200 pertsona batuko ditu bihar Astran
Gasteizen irailean emango duten kontzertua prestatzeko batuko dira bihar Astran. Entsegua irekia izango da eta interesa duen oro gerturatu daitekeela adierazi dute arduradunek.
Musika, dantza eta sorkuntza literario bidezko esperientzia kooperatiboa da Humanity at Music Sinfonia, eta Gasteizen irailean emango duten kontzertua prestatzeko batuko dira bihar Astran. Topaketak 200 pertsona bilduko ditu 17:30etik aurrera.
Mondragonen historia, oraina eta etorkizuna kontatzeko modu berri bat erakutsi nahi du Humanity at Music-ek. “Honakoa ez da edozein ensaio orokor izango, Euskal Herri osoko askotariko artisten topaketa baizik”, adierazi dute arduradunek.
Astran egongo dira, baita ere, Sinfonia Kooperatiboaren konpositorea den Fernando Velázquez eta koreografien sortzailea den Jon Maya. Parte hartzaile guztiak elkar ezagutzeko aukera bikaina izango da, baita ideiak partekatzeko eta sinfoniari soinu eta mugimendua ipintzeko.
Proiektuak diziplina anitzak jorratuko ditu bere baitan. Eta horien artean bertsolaritzak protagonismo berezia izango du. Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak bertsoak egiteaz gain, bertsolarien parte hartzea koordinatzen du. Eta egitasmoa laguntzen dute, besteak beste, Gernika-Lumoko Astrak eta Ross dantza eskolak.
Entsegu zabala. Entsegua irekia izango da eta interesa duen oro gerturatu daitekeela adierazi dute arduradunek: “Sinfonia Kooperatiboa ezagutzera, beragaz gozatzera eta abestu eta dantzatzera etor daiteke edonor”.
Humanity at Music-Sinfonia Kooperatiboaren herriz herriko biraren azken helmuga irailaren 14ko ekitaldi erraldoia da, Gasteizko Buesa Arenan. Bertan, 500 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute. 15.000 pertsona elkartzeko asmoa dute arduradunek, “egun osoko jaialdia izango delako”.