Torrentek ausarta izateko eskatu dio Sanchezi, eta Kataluniako auziari elkarlanean konponbide demokratikoa bilatzeko exijitu dio
Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidentea Gernika-Lumoko egon da, eta Batzarretxea bisitatzeaz gain, Kataluniako auziari buruz hitz egin du. Fiskaltzak atzo Kataluniako auziari buruz emandako ondorioak "eskuin muturrekoak" direla adierazi du.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak harrera egin dio gaur Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidenteari Gernika-Lumoko Batzarretxean. Beragaz batera Bakartxo Telleria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Eba Blancok, Iñigo Iturratek eta Cristina Makazagak bisistatu dute Batzarretxea.
Otaduik bisita gidatua egin die Foru egoitzako barrunbe nagusietatik, eta batzarretxea Euskal Herriko historian leku “garrantzitsua” izan dela azpimarratu dio Torrenti. Baita mundu osotik etorritako bisita insitituzional asko jasotzen dituela ere. Lurraldeko foru erregimena eusten duen lekuaren oinarriak ezagutarazteko, Batzarretxearen, Gernikako Arbolaren, eta arbasoaren inguruko azalpenak eman ditu Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak gaur eguerdian. Besteren artean, Francisco Mendietak 1609. urtean margotutako koadroa erakutsi dio Torrenti, eta margolana emakumeen bilera bat jasotzen duen Europako lehen koadroa dela nabarmendu du.
Bisitagaz bukatzeko, Ohorezko Liburua sinatu du Kataluniako parlamentuko presidenteak. Bertan, “ohore bat” dela Gernikako Arbolaren aurrean egon izana idatzi dio: “Ohorea da bakearen eta askatasunaren sinboloa den Gernikako Arbolaren aurrean egotea. Urteen joanean euskaldunen kemena eta sinesmena bultzatu dituen ikurra da hau. Bere adarrak eta hostoak etorkizunaren eta askatasunaren sinboloak dira, eta enborrak, berriz, herria adierazten du; gure ibilbide eta erabakietan beti kontutan eduki behar dugun herria, hain zuzen”. Idatzian, gainera, Kataluniako herritarrek euskaldunak maite dituztela jarri du, “bakea, askatasuna eta demokrazia maitatzen duten bi herri direlako”.
Kataluniako auziari so. Euskal herritarrei mezua helarazteaz gain, Kataluniako politikak bizi duen egoera presente eduki du Torrentek, bai eta preso dauden politikari eta familien egoera ere.
Hala, atzo Kataluniako auziari buruzko epaiketan fiskaltzak emandako ondorioak gogorarazi ditu. Javier Zaragoza fiskalak estatu kolpetzat jo zuela 2017ko erreferenduma esan du, eta uste hori eskuin muturraren jarrera dela adierazi du. Hori horrela, Sanchezi zuzendu zaio, eta bere erabakietan ausarta izateko eskatu dio: “Nahikoa da. Nahikoa da ez entzunarena egiteaz. Kataluniarrek Kataluniako auziari konponbidea bilatu gura diote, irtenbide demokratikoa aurkitu gura dute, eta Sanchezek proposatutako irtenbide bakarra politikoak kartzelaratzea da. Horregatik, gaur, ausarta izateko eta Kataluniako auziari elkarlanean konponbide demokratikoa bilatzeko exijitzen diogu”.
Hala, auzi horretan Iñigo Urkullu Lehendakariak izandako jarreraz ere aritu da Torrent. Lehendakariak elkarrizketa bultzatzeko bitartekaritza lanaren aldeko apustua beti egin izan duela gogoratu du, eta Lehendakariaren lana eskertzeaz gain, Euskal Herriko bestelako instituzio eta elkarteen lana ere eskertu du: “Ekarpenak beti dira ongietorriak. Gu elkarrizketaren mahaian egon gara beti, ez gara hortik atera, eta sortzen diren aukera demokratiko ezberdinak aztertzeko prest gaude”.