Alberto Santolariak ingurumenaren zainketari buruzko hitzaldia emango du
Solasaldiagaz batera, sentsibilizazio tailerrak egingo dituzte Bermeon.
Zapatuan Ozeanen Mundu Eguna dela aprobetxatuz, Bermeoko Galerna Bela Taldeak ingurumenaren zaintzari buruzko ekimena antolatu du. Hala, Alberto Santolariak Itsaso garbiak, aldatu plastikoaren marea izeneko hitzaldia eskainiko du arrantzaleen museoan.
“Itsas zaborrei buruzko sentsibilizazio jardunaldia” dela adierazi dute Galernakoek. Izan ere, Santolariaren hitzaldiagaz batera tailerrak ere egingo dituztela jakinarazi dute.
Ez da lehen aldia biologian doktoratua eta zientzia dibulgatzailea den Santolariak Galerna Taldeagaz elkarlanean ekimenak egiten dituena. Joan den urteko apirilean ere plastikoak itsasoetan duen eraginaren inguruko egitasoma egin zuten, eta hori oso arrakastatutzat jo zuten. Hori dela eta, berriz ere ildo bereko ekimena egitea erabaki dute.
Barikuan, 19:00etan jarri dute hitzordua arrantzaleen museoan. Hitzaldiaz gain, Galerna Taldekoek zapatuan Urdaibaiko kostaldean egingo den Zero Plastiko Urdaibai ekimenean parte hartuko dutela adierazi dute. Hala, taldeko kideak beraien ontziekin itsasotik lagunduko dute.