2.500 boluntario batuko dira zapatuan Urdaibaiko kostaldea garbitzeko
Gaztelugatxeko Donienetik Elantxobera arte, Zero Plastiko Urdaibai ekimenak kostaldeko hondakinen kantitatea "nabarmen murrizteko" helburua du. Aldi berean, herritarrak ozeano eta itsasoetako plastikoen arazoari buruz kontzientziatu gura dute.
Goizetik hasita eguerdi aldera arte, 2.500 boluntario eta 300 urpekari ariko dira Urdaibaitik banatutako hamalau gune desberdinetan zapatuan, Ozeanoen Munduko Egunean. Horiek Gaztelugatxe, Matxitxako-Tonpoi, Bermeoko portua, Mundaka, Sukarrieta-Busturia, Busturia, San Kristobal, Urbieta-Itsasadarra, Ubidea, Solabe-Laida, Laga, Elantxobe, Urdaibai Bird Center eta itsasoa bera izango dira.
Bermeoko Izaro Sub urpekaritza klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, Zero Plastiko Urdaibai ekimenak Biosferaren Erreserbaren itsasertza eta Gaztelugatxeko Donieneko Biotopo Babestua garbitzea du helburutzat.
Ekimenak Athletic Club fundazioa, BBK fundazioa, Uraren Euskal Agentzia, Echebastar konpainiaren Alakrana, Maier, Bermeo Tuna World Capital, Euskotren eta Urremendi landa garapenerako elkartea ditu laguntzaile modura.
Antolatzaileek adierazi dutenez, eremu bakoitzean garbiketak oinez, uraren gainean edo urpean egingo dituzte, boluntarioen eta urpekarien elkarlanaren bitartez. Horietan, gainera, beharrezko materiala banatzeko balioko duten kontrolguneak ezarriko dituzte.
Arratsaldean, Ekoetxea Urdaibain. Garbiketa bukatu ostean, Busturiko Madariaga Dorretxean dagoen Ekoetxea Urdaibain adin guztietako publikoentzako askotariko jarduerak egingo dituzte. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria emango diete, parte hartzea eskertzeko, baina lehenago, usturiko txistularien eta Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba babestutako eremu bat izanda, boluntarioen plazak mugatuak dira eta dagoeneko ez dituzte izen emate gehiago onartzen, baina antolatzaileek interesa duten pertsona guztiei gonbita egin diete Ekoetxea Urdaibaira hurreratzeko. Era horretara, emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak egingo dituzte arratsaldean.
Bermeo eta Gernika-Lumoko elkarguneetara joateko, garraiobide publikoa erabiltzea aholkatu dute antolatzaileek. Garraio kolektiboa behar duten parte hartzaile guztiek garraio sistema bat izango dute erabilgarri jardunaldi osoan.
Ekoetxea Urdaibaiko ingurunera ezingo da ibilgailu pribatuan sartu. Aparkaleku bat prestatuko dute Sukarrietako udalekuen aurrean, Itsasbegiko tren geralekuaren ondoan. Hortik loturako autobusak ezarriko dituzte zentrora iritsi ahal izateko, baita Axpe eta San Kristobalgo geralekuetatik ere.
Egitaraua:
- 09:30-13:00. Boluntarioen hondakin bilketa hamalau guneetan.
- 13:00. Ekoetxea Urdaibaiko ekitaldien hasiera.
- 13:00-15:00. Busturiko txistularien eta Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizuna.
- 14:00-15:30. Herri bazkaria.
- 15:30-16:00. Bertsolariak
- 16:00-17:30. Hitzaldiak: Mikroplastikoak Bizkaiko golkoan hitzaldia, Azti-ko Oihane C. Basurkoren eskutik. Erreka garbiak hondartza garbiak izateko, URAko Victor Peñasekin. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboako Izaskun Suberbiolaren eskutik, Ekopatruila hitzaldia. Amaitzeko, Ezkutuko kutsadura: plastikoak eta hondakinak Urdaibaiko koba eta leizeetan, ADES Espeleologi Taldeko Gotzon Aranzabalekin.
- 16:30-18:30. Bisita gidatuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erakusketara.
- 16:30-18:30. Eskultura erraldoia Lesley Yendell artista britainiarraren eskutik.
- 16:30-18:30. Plastikoak birziklatzeko tailerrak.
- 18:30-21:00. Kontzertuak. Konboak: K1º, K2º, K3º eta Some Rockers. Ostean, Kicking and Alive eta Maren-en kontzertuak.