Irailaren 14rako manifestazioa deitu dute 11/13 sumarioko auzipetuek
Fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuentzako. Hauek jasotako elkartasuna eskertu eta auziarekin asaldatu direnei eta auzipetuei babesa agertu dietenei irailaren 14ko manifestazioan parte hartzeko dei egin diete.
Irailaren 16an hasiko da 11/13 auziaren epaia Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak dagoeneko egin du zigor eskaera: 601 urteko espetxealdia. Epaiketaren nondik norakoak azaltzeko, eta abian jarritako dinamiken berri emateko, zapatuan egin zuten agerraldia auzipetuek, Donostian, eta irailaren 14an Bilbon manifestazioa egingo dutela iragarri zuten.
Mobilizazioa egin eta bi egunera hasiko da epaiketa, eta Euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritar epaituko dituzte –Horien artean daude Ibarrangelurekin lotura duen Haizea Ziluaga abokatua, Kepa Mantzizidor abokatu mundakarra, Gernika-Lumon bizi eta Herriran lan egin duen den Ibon Meñika–. “Zer egin dugu espetxe eskaera luze hauek merezi izateko? Presoen eta erbesteratuen osasuna artatu dugu, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditugu, euren defentsa juridikoa egin dugu epaitegi zein espetxeetan eta bitartekari lanak egin ditugu eurek ere gizarteko sektore ezberdinekin harremanak izateko”, azpimarratu zuten agerraldian.
Bereziki sakabanaketa politikoaren ondorioak gainditzeko lan egin dutela aitortu zuten agerraldian. Euren printzipio politiko eta etikoak jarraituz aritu direla nabarmendu, eta egindakoagaz “lasai” daudela gehitu zuten.
Elkartasun sare baten kide izateagatik auzipetu dituztela salatu zuten: “Asko izan du ederretik elkartasun sare honen parte izateak, pertsona bezala hobetu gaitu. Elkartasuna izan da guztiok lotu gaituen haria”.
2015. urtean hasitako auziak euren bizitzak baldintzatu dituela, eta mina eragin duela aitortu dute. “Auzi luze honek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure inguru hurbilarenak. Espetxearen mamua dugu parez pare”, diote. Auzipetuen zaintzapean 38 adin txikiko daudela zehaztu zuten, eta espetxeratzeak horien garapen afektibo zein emozionala “erabat” baldintzatuko lukeela aitortu zuten: “Egoera gogorra da”.
Ondorioak “arindu”. Preso eta erbesteratuen gatazkaren ondorioak arindu eta gainditu nahian azken urteetan “urrats garrantzitsuak” egin direla ohartarazi zuten auzipetuek, baina, salatu zuten, hala ere, zigor gogorrei aurre egin beharko dietela. Izan ere, auzipetuen berbetan, epaiketaren oinarrian dauden arrazoiak bere horretan diraute 2019.urtean. “Aro berri baten testuinguruan, urteetan luzatu den gatazka konpontzeko bide berriak lantezen ari ginen. Ilusioz ari ginen presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko egitekoan. Horregatik kolpatu gintuzten”.
Hala, auziarekin asaldatu direnei eta auzipetuei babesa agertu dietenei dei egin diete irailaren 14ko manifestazioan parte hartzeko.”Irailaren 14an epaiketaren bezperan, denon artean manifestazio handi bat antolatu gura dugu Bilbon. Kalean eta herritarrekin erantzun nahi diogu makroepaiketari”. Euskal Herriko askotariko eragileekin ere ari dira manifestu bat lantzen.
Halaber, zigor ekonomikoari aurre egiteko dinamika bat jarri dute martxan. Izan ere, 117.600 euroko isunari egin beharko diote aurre. Lagundu gura duenak hurrengo kontu korrontean egin ahalko ditu ekarpenak: Laboral Kutxa ES82 3035 0057 9205 7005 9033.
Herri batzarra. Gernika-Lumon 11/13 sumarioko auzipetuen egoeraren berri emateko herri batzarra egingo dute eguenean 19:00etan Harizpen. Bertan, eskualdeko bizilagunak direnen zein beste 44 auzipetuen egoera landuko dute.