Ganekogortatik entzun dira adar hotsak
Gernika-Lumoko Batzar Nagusietarako deia egin zuten domekan Ganekogortatik. Ehundaka mendizale gerturatu ziren.
Tradizioari jarraituz, ohi modura, adar hotsez egin zuten domekan Gernika-Lumoko Batzar Nagusietarako deia. Ehundaka mendizaleren aurrean, Ganekogorta mendi tontorrean ospatu zuten hamabosgarren Deiadar Mendien Eguna; bertan izan ziren, besteren artean, Sollube 707 taldeko kideak.
Natura, historia, kondaira eta kirola lotzen ditu Deiadar Mendien egunak, eta urtero bost deiadar mendietako batean batzen dira mendizaleak; Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira mendiak. Bilboko Gailurra taldea izan da aurtengo igoeraren arduraduna, eta tradizioari kasu eginez, Lemoako Ganzabal taldeko ordezkariari eman zioten lekukoa, hurrengo urteko Gorbeiako igoera antolatzeko.
Jai giroa nagusi. Kobetamendin 08:00etan hasi zen eguna mendizaleentzat. Handik “ohiko bidea ez den” bide bati jarraituz Pagasarrirantz abiatu ziren, eta handik Ganekogortako tontorrera iritsi ziren eguerdiko 12:00ak baino lehenago.
Tontorrean adar hotsa entzun ostean, jai giroa nagusitu zela diote arduradunek. Musikak, dantzek, antzerkiak eta bertsolariek hartu zuten protagonismoa, eta mendizaleek giro “bikainean” berreskuratu zituzten indarrak.