Pello Bilbaok irabazi du Giroko gaurko etapa
Bihar amaituko dute 2019ko Giroa 17km-ko erlojupekoagaz, Veronan.
Eguneko ihesaldian sartu ostean lortu du garaipena Pello Bilbao Lopez de Armentiak, Italiako Giroaren azken aurreko etapa. Astana taldeko txirrindulariarentzat lasterketa nagusi honetan lortzen duen bigarren garaipena da; maiatzaren 17an lortu zuen bere ibilbideko Giroko lehen garaipena L’Aquilan amaitu zuten 7.etapan.
Feltre eta Croce D’Aune Monte Avena artean 194 km-ko etapa burutu dute gaur txirrindulariek. Bost ordu, 46 minutu eta bi segundotan helmugaratu dira lehen mailako mendate horretan Bilbao eta Movistar taldeko Mikel Landa. Horiengandik bi segundora sailkatu da Giulio Ciccone italiarra. Jarraian, Richard Carapaz eta Vincenzo Nivali helmugaratu dira, irabazlearengandik lau segundora. Azken metroetan erasoan saiatu dira denak,. Murgiarrak eraso duenean, gernikarra bere gurpilari pegatuta joan da, eta bat-batean ezustekoa emanez aurrea hartu eta azken esprintean gernikarra izan da azkarrena.
Hain zuzen, Movistar taldeko Carapazek maglia arrosari eusten dio, eta Nivali (minutu bat eta 24 segundora) eta Landa (bi minutu eta 53 segundora) ditu atzetik. Sailkapen nagusian, 32.ena da Bilbao.
Zaleentzan gozamenerako beste etapa bat izan da gaurkoa, eta ihesaldian sartu diren txirrindulariak ahalegin betean aritu dira etapa garaipena eskuratzeko. Azken kilometroak emozio bizikoak izan dira.
Bihar erabakiko da zein den 2019ko Italiako Giroaren irabazlea. 17 kilometroko erlojupekoagaz (Verona-Verona) amaituko dute bihar maiatzaren 11an hasi zuten lasterketa.