Pello Bilbaok irabazi du Giroko gaurko etapa
Etapa ikaragarria burutu du gaur Astana taldeko txirrindulari gernikarrak. Eguneko ihesaldian sartu eta indar erakustaldiagaz eutsita sartu da lehena helmugan. Bigarren urtez jarraian ari da Giroa lehiatzen eta lasterketa horretan lortu duen lehen etapa garaipena da.
Eguneko ihesaldian sartuta, Giroan bere lehen etapa garaipena eskuratu du gaur Pello Bilbao Lopez de Armentia txirrindulari gernikarrak. Halaber, lasterketa nagusi batean lortzen duen lehen garaipena da.
Astanako txirrindulariak lau ordu, sei minutu eta 27 segundotan amaitu du 185 kilometroko etapa. Amaierako kilometroetan ihesaldian zihoazen txirrindulariak erasotzen hasi dira; denak egiten dute saiakera, baina, azken kilometroan Bilbaok egin duen erasoa izan da etapa erabaki duena eta bakarrik sartu da helmugan. Bost segundora sartu dira Tony Gallopin frantziarra eta Davide Formolo italiarra.
Lucas Hamilton (+9 seg), Mattia Cattaneo (+9 seg), Jose Rojas (+ 30 seg), Sebastian Henao (+ 48 seg), Antonio Pedrero (+ 1:01), Valentin Modouas (+1:07) eta Andrea Vendramen (+ 1:07) dira eguneko ihesaldian sartu diren gainontzeko txirrindulariak. Vasto eta L’Aquila artean aritu dira gaurko 7. etapan.
Zapatuan [maiatzak 11] hasi zuten Giroa eta ekainaren 2an amaituko dute. Gaur gaurkoz, sailkapen orokorrean 11. postuan dago Bilbao, Valerio Conti maglia arrosarengandik bost minutu eta 23 segundora. Movistar Team-eko Jose Rojas murtziarra dago sailkapenean bigarren, italiarrarengandik minutu bat eta 32 segundora, eta Giovani Carboni italirra da hirugarrena, liderrarengandik minutu bat eta 41 segundora.