IV. Eako Kaiharria Txipiroi Swim itsas zeharkaldian parte hartzeko plaza guztiak bete dira
Uztailaren 27an [zapatua] egingo dute Eako Kaiharria Txipiroi Swim itsas zeharkaldia, eta antolatzaileek adierazi dutenez proban parte hartzeko leku guztiak bete egin dira. Hala ere, norbaitek kategoria gorenean parte hartzeko interesa izaten jarraitzen baldin badu antolatzaileek eurekin kontaktuan jartzeko eskatu dute.
Uztailaren 27an [zapatua] Ean egingo duten Txipiroi Swim itsas zeharkaldian parte hartzeko plaza guztiak beteta daude jada. Bestalde, Txipiroitxu Swim zeharkaldi ez lehiakorrean parte hartu nahi duten gaztetxoenek (2004 eta 2009 urte bitartean jaiotakoek) badute oraindik ere aukera: “Normalean egunean bertan ematen dute izena askok, itsasoaren eta gogoaren arabera”.
Laugarren urtez egingo dute proba Ean, Bira Birra Kirol Klubak antolatuta. Aurten, ordea, berrikuntzak izango ditu: ohi bezala moilatik irten beharrean, hondartzatik bertatik ekingo diote Txipiroi Swim itsas zeharkaldiari. Horrez gain, ibilbidea luzatu egin dute. 3 kilometro inguruko igeriketa saioa egin beharko dute parte hartzaileek, gaztetxoenek 300 metro. Trebeak izanez gero edota igeriketa talde bateko partaide izanez gero, gurasoen baimenarekin proba luzean parte hartu ahal izango dute azken hauek.
Maiatzaren 5ean ireki zuten izena emateko epea, eta antolatzaileek adierazi dutenez, Eako Kaiharria itsas zeharkaldia egiteko eskaini dituzten 175 lekuak agortuta daude. Hala ere, norbaitek emakumezkoen eta gizonezkoen kategoria gorenean parte hartzeko interesa izanez gero, antolatzaileek eurekin kontaktuan jartzeko eskatu dute. “Normalean babesleek eurentzako izaten dituzten plazak ez dituzte erabiltzen, eta herritarrentzat zein inguruko interesatuentzat gordeko ditugu”, baieztatu dute.
Kategoria gorenean neoprenorik gabeko lehen hiru emakumezko zein gizonezko igerilariak sarituko dituzte, baita Eako lehen herritarra ere. Txipiroitxu Swimen, aldiz, parte hartzaile guztiek jasoko dute saria. Nagusiek 11:00etan hasiko dute proba, gaztetxoenek, bost minutu beranduago.