Nerabezaroa ardatz duten hitzaldiak emango ditu Osasunsareak Gernika-Lumon
Osasunsareak bihar eta ekainaren 6an 18:00etatik 19:30era emango ditu hitzaldiak Astra kulturarako fabrika sozialean.
Nerabezaroa: hazteko eta gozatzeko ezagutu egin behar da izena duen hitzaldia emango du Osasunsareak bihar 18:00etatik 19:30era Astra kulturarako fabrika sozialean. Ekainaren 6an bigarren hitzaldi bat emango dute leku eta ordu berean. Hitzorduak doakoak izango direla jakinarazi dute arduradunek.
Nerabezaroa bizitzaren oinarrizko etapa da, eta horri buruz berba asko egin eta egiten dela aitzakia hartuta, nerabezaroan gazteek bizitzen dituzten aldaketez hitz egingo du Adelaida Navaridas psikologoak. Berak, nerabezaroa ulertzeko laguntza emango die bertaratzen direnei, eta horretarako. zenbait kode azalduko dizkie.
Hala, nerabezaroaren mundu sozialarekin eta emozionalarekin konektatzeko eta ulertzeko jarraibideak landuko dira hitzaldi hauetan. Besteren artean, nerabezaroan sortzen diren kontraesan eta aurkikuntzei buruz ariko dira hizketan. Biharkoan emozioak landuko dituzte gehienbat, eta ekainaren 6koan, berriz, eztabaidak, arriskuak eta erronkak. Gainera, azken hamarkadetan sortu diren aldaketa sozialek nerabezaroan zelan eragin duten aztertuko dute, baita ere helduen sentimendu eta harridura sentsazioetan duten eragina.