Giro ederrean, 130 ajangiztarrak batu dira herri bazkarian
Sukalki egunean batu ziren zapatuan ajangiztarrak. Guztira, 130 lagun inguru elkartu ziren herriko plazan, eta zortzi sukalki aurkeztu zituzten. Eguraldi txarrari giro ederra jarri diote beste behin.
Aurten ere ez dute hutsik egin ajangiztarrek. San Isidro eta San Asentsio jaiek herriko plaza jendez bete dute behin baino gehiagotan. Ohiturari jarraituz, Errenteria ere Ajangiz dela aldarrikatuz hasi zituzten herriko jai nagusiak; Errenteriko zubitik herriko plazara Saragiaren igoera egin baitzuten maiatzaren 14 iluntzean.
Ordutik, hamaika aukera eduki eta aprobetxatu dituzte herritarrek zein inguruko bizilagunek. Euria ez da oztopo izan, eta eguraldi txarrari giro ederra jarri diote.
Sukalki eguna. Egun bat aukeratzekotan Sukalki eguna nabarmenduko lukete antolatzaileek. Zapatuan ospatu zuten ajangiztarrentzako egun seinalatua izaten den hori.
Zapatu goizetik giro “ederra” nagusitu zen herriko plazan. Goiztiarrenak sukalkiak prestatzeaz arduratu zirenak izan ziren, baina eguerdirako jende “asko” gerturatu zela diote arduradunek. Guztira, aurten, zortzi sukalki aurkeztu zituzten karpa azpian.
Bazkari herrikoian adin guztietako ajangiztarrak elkartu ziren; antolatzaileek jakinarazi dutenez, 130 lagun inguruk parte hartu zuten. Sukalki egunak, beraz, herria animatu eta elkartu egin du oraingoan ere.
Bazkaria bukatuta, umeen jolasek hartu zuten protagonismoa. Oraindik ez dira jaiak bukatu, eta bihar, San Asentsio eguna ospatzeko mezan batuko dira. Arratsaldean, Briska Txapelketa jokatuko dute 20:00etan. Lehia bukatuta, txokolate janean elkartuko dira.
Espero baino jende gehiago. Maiatzaren 17a ere egun handia izan ohi da Ajangizen, eta kontzertu gauean ere, antolatzaileek espero zuten baino jende gehiagok parte hartu zuen: “Euriak inguruko herritarrak ez animatzea eragingo zuela uste genuen, baina ez zen horrela izan, jende asko etorri zen kontzertuak ikustera”.
Las ojeras de Van Gogh taldeak plaza eta eliza ingurua musikaz bete zituen. The Pote´s taldeak hartu zuen horien lekua, eta Anita Parker izan zen ondorengoa. Zirkinik Bez taldeak goizaldea musikatu zuen.