Bakio eta Bermeo arteko ibilaldi "apartaz" gozatu dute berbalagunkideek
Zapatuan, Gernika-Lumoko tren geltokian bildutako 34 berbalagunkideek Bermeo eta Bakio arteko txangoa egin zuten. 14 kilometroko txangoan Ermu, Matxitxako eta Gaztelugatxe zeharkatu zituzten.
Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko mendi irteera egiten du hilabetero Gernikako Berbalagunek. Hala, zapatuan, Gernika-Lumoko tren geltokian bildutako 34 lagunek Bermeo eta Bakio arteko txangoa egin zuten.
Gernika-Lumon trena hartuta joan ziren kostako herrira, eta handik 14 kilometroko txangoan joan ziren Bakioraino. Ibilaldian zehar, Ermu, Matxitxako eta Gaztelugatxe zeharkatu zituzten. Gaztelugatxen, gainera, San Juan ermitara igotzeko baimena lortu zuen taldeak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, eguraldia lagun izan zuten Berbalagunkideek: “Ibilaldia egiteko eguraldi aparta izan genuen. Ia amaierara arte aterri egon zen, Eneperitik Bakiorako tartean euri apur bat egin zuen-eta”.
Inguruaz gozatzeaz gain, historia ere ikasi zuten. “Iratxe Uriguenek inguruko zenbait tokiri buruzko azalpenak eman dizkigu, eta inguruaz gozatzeaz gain, historia ikasi dugu”.