Asier Villalibrek 2023. urtera arteko kontratua sinatu du Athletic-egaz
Jokalari gernikarra zuri-gorria izango da 2023ko ekainaren 30era arte, eta 50 milioiko etete klausula edukiko du.
Asier Villalibre jokalari gernikarrak kontratu berria sinatu du Athletic Clubekin, eta zuri-gorria izango da 2023ko ekainaren 30era arte. Villalibrek 50 milioiko etete klausula edukiko du.
Hurrengo denboraldia hasteko gogotsu dago aurrelaria, eta lehen mailako taldeagaz lau urtetarako kontratua sinatzea berarentzat “oso positiboa” dela dio: “Lehen mailako talde bategaz lau urtetarako kontratua sinatzea oso positiboa da, eta maite dudan klubean sinatzeak ilusio handiagoa egiten dit. Oso pozik eta ilusioz beteta nago”.
Amaitu berri den denboraldia Bilbao Athletic-en jokatu du, eta 23 gol sartu ditu. Hala, 2.B mailako multzo guztietako golegilerik onena izan da.”Ondo joan da azken denboraldia Bilbao Athletic-en, urte ona egin dut. Gol asko sartu ditut, eta horrek konfiantza asko eman dit”, dio aurrelari gernikarrak.
2016/2017. denboraldian debutatu zuen lehen mailako taldeagaz. Gaztea da oraindik, eta asko duela hobetzeko dio: “Debutatu nuenetik asko aldatu naiz. Hobetu egin dut, baina oraindik asko dut egiteko. Denetarik entrenatu behar dut, baina gehienbat desmarkeak. Zelaian gehiago mugitu behar naiz”.
Harrobia. Aurrelaria Lezamako harrobiaren aldeko apustu garbia dela dio Athletic-ek; izan ere, 2011/12 denboraldian sartu zen Kadete B taldean, eta ordutik Bilboko taldean jokatu du.
Orain arte, 6 partidu lehiatu ditu lehenengo taldeagaz –lau norgehiagoka ligan, eta 2 Europan–. Gainera, Numantzia, Real Valladolid eta Lorca taldeetan ere aritu da –Bilbao Athletic-eko kontratuagaz–. Kanpoan egin dituen urteetan asko ikasi du gernikarrak, eta argi ditu bere helburuak zeintzuk diren: “Gaztetatik Lezaman sartzeak presioa dakar, eta bigarren mailan jokatu ditudan urteetan asko ikasi dut, konfiantza eskuratu dut. Nire helburuen bila joan behar naizela pentsatzen dut orain, gustatzen zaidana egitera eta gozatzera”.