Urdaibai Kantaguneak Estokolmon abestuko du, martitzenean
Iaz egin legez, kantuekin Gernika-Lumoko eta Estokolmo batuko dituzte Urdaibai Kantaguneak eta Pressroter Koruak. Zapatuan aterako dira Estokolmorantz Urdaibai Kantaguneko kideak, eta martitzenean kontzertua eskainiko dute Eric-Ericson Hallen Zentroan.
Elkartu ziren, eta berriz batuko dira. Gernika-Lumoko Urdaibai Kantaguneak Estokolmoko Pressroter Koruagaz bat egin zuen iaz udalerrian. Abestiekin bi herriak eta kulturak batu zituzten, koruen arteko harremanak estutuz.
Esperientzia “aberatsa” izan zen iazkoa, eta Suediara joateko gonbidapena luzatu zieten Pressroter koruko kideek Urdaibai Kantagunekoei. Esan eta egin. Izan ere, esperientzia “paregabe” hori berriz errepikatuko dute Urdaibai Kantaguneko abeslariek; oraingoan, baina, etxetik kanpo. Zapatuan abiatuko dira Estokolmorantz, eta ilusioz beterik daudela aitortu dute: “Aurten guri dagokigu bisitan joatea, eta ilusio eta gogoz beteta gaude zapatuan hegazkina hartzeko”.
Asteburua lasai hartu, eta martitzenean 19:00etan kontzertua eskainiko dute Eric-Ericson Hallen Zentroan. Bi orduko saioa izango dela aurreikusi dute, eta elkartutako bi koruek abesteaz gain, Klara Röster koruak ere emanaldia eskainiko duela aurreratu dute.
Agur Jauna, Ez dut nahi, Gure esku dago, Cumpagnu, Oi gu hemen eta Agure Zaharra euskal kanta ezagunak abestuko dituzte Gernika-Lumoko kantaguneko kideek. Topaketak, baina, kulturartekotasuna bultzatzen du.
Hori horrela dela islatzeko, Pressroter eta Klara Roster koruekaz batera, hainbat abesti kantatuko dituzte: Limu, limu, lima suediarren hizkuntzan, eta Thank you for the music eta Hallelujah ingelesez. Gainera, euskarazko Xalbadorren heriotza eta Txoria txori kantuak ere entzun ahal izango dira Suediako Eric-Ericson Hallen Zentroko oholtza gainean.
Emanaldi bat baino gehiago. Iaz egin legez, eta ohiturak ez galtzeko, hango eta hemengo abestiekin girotuko dute Estokolmo. Euskal Herriko abestiak ezagutarazi gura dituzte, eta horretarako, kantubira egingo dute martitzenean 15:30ean hasita. Estokolmoko Sergels Torg Plazan hasiko dira, eta Kungsträdgarden parketik igaroko dira gero. Handik, Eric-Ericson Hallen Zentrora iritsiko dira.