Helduen Hezkuntzarako beste eredu baten alde egingo dute HHko ikasle eta irakasleek, Gasteizen
Irakaskuntza arautua eta ez arautua jasotzen duten ikasleen artean hezkuntza eredu eta tratu berbera izatea eskatuko dute HHIko irakasle eta ikasleek martitzenean, Eusko Jaurlaritza aurrean.
Martitzenean, 12:00etan jarri dute hitzordua Eusko Jaurlaritza aurrean, eta eskualdeko Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako irakasle eta ikasleak egongo dira bertan. CEPA Gernika-Lumo HHIk, Gernika, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako ikastetxeak biltzen ditu, eta Bermeon, berriz, CEPA Bermeo HHI dago. Beraz, Lea-Artibai eta Busturialdeko 5 ikastetxeetako ordezkariak egongo dira.
Helduentzako Hezkuntzarako beste ikasketa eredu bat eskatuko dute elkarretaratzean. Hala, irakaskuntza arautua –titulaziora daramana– eta ez arautua –bizi osorako ikaskuntza– jasotzen duten ikasleen artean hezkuntza eredu bera eta tratu berbera izatea eskatuko dute martitzenean.
Horrez gain, kalitatezko irakaskuntza publikoa defendatuko dute Gasteizen, zerbitzu hori defendatzeko eta indartzeko aldarrikatuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari Helduen Hezkuntzako eredua guztien artean adosteko eskatuko diote. Ikastetxeen antolaketari eta beharrei buruz ere hitz egin gura dute.
Ezarritako ereduaren aurka. Maiatzaren 9an Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako Zuzendariek Elkarteak deituta, Eibarren batu ziren HHIko ikastetxeetako zuzendaritzak, ikasleak eta irakaskuntzako sindikatuak. Bileran, Hezkuntza Sailak Helduen Hezkuntzarako dituen planteamenduak eta proposamenak aztertu eta eztabaidatu zituzten. Hala, Hezkuntza Sailak proposatzen duen ereduagaz bat ez zetozela ikusita, zein jokabide hartu behar zuten erabaki zuten.
“Argi eta garbi ikusi dugu administrazioaren asmoa Helduen Hezkuntzako Ikastetxeen hezkuntza eskaintza eta potentzialitatea murriztea dela”, diote EHIZEko ordezkariek. Gainera, ikastetxe publikoek izan beharko luketen lana elkarte eta ikastetxe pribatuei eman gura dietela ere salatu dute.