"Bat eginik" herritar guztientzako lan egiteko prest
Zintzotasunez eta berdintasunez lan eiteko konpromisoa hartu zuen Jose Maria Gorroño Euzko Abertzaleak eta EAJren alkategaiak, atzo iluntzean. Udalerriko aktibitate ekonomikoa berpiztu gura dute koalizioko kideek.
Herritarrak helburu hartuta, “zintzotasunez eta berdintasunez” lan egiteko konpromisoa hartu zuen atzo iluntzean Jose Maria Gorronok, Euzko Abertzaleak eta EAJren alkategaiak. Bi alderdiak “bat eginik” aurkeztu dira udal hauteskundeetara, eta denen gustukoa izango den udalerria eraikitzeko gogor lan egingo dutela aitortu zuen alkategaiak.
“Gure konpromisoa herritar guztientzako gauzak ondo egitea da; zintzotasunez eta berdintasunez”, esan zuen. Taldeak ideiak argi dituela, eta ilusioz eta gogoz beteta daudela ere argitu zuen. Hala, herritar guztiak kontutan hartuta “denontzako” den udalerriaren alde egingo dute: “Behar duenari lagundu nahi diogu, denok pozik eta gustura egoteko herri bat bultzatu gura dugulako. Ez gaude inoren kontra joateko, Gernika-Lumoko andra, gizon eta gazteen arteko harreman onen alde lan egiteko baizik”.
Eusko Jaurlaritzagaz eta aldundiagaz batera, udalerriko aktibitate ekonomikoa berpiztu gura dute koalizioko kideek. Horrez gain, kultur eta kirol instalazioak hobetzeko proiektuak ere aurrera eraman gura dituztela azaldu zuten.
Gernika-Lumo “lehenengo lerroan” jarri gura dute: “Gorroño eta EAJren arteko lanagaz, errespetua eta ondo eginiko proiektuak daude. Ahaleginak egingo ditugu berriro ere herria lehenengo lerroan jartzeko”. Eta hori lortzeko, seriotasuna ezinbestekoa dela aitatu zuen.
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak udalerriko ongizatea bultzatu gura dutela aitortu zuen, eta hori pertsona guztien ongizatetik hasten dela argitu zuen: “Ez dugu nahi batzuentzat edo beste batzuentzat lan egin, guk bat eginik egindako lana denontzat eta denon onerako egin gura dugu”.
Dituzten proiektuak “modu eraikitzailean” bultzatuko dituztela esan zuen Atutxak: “Jendeagaz egon, entzun, eta esaten dutena hausnartu eta landu egingo dugu. Gero, horiek proiektu bihurtu eta jendeari azalduko dizkiogu. Hori da EAJren estiloa”.
12 urteko bidea. Gorroño harro dago Gernika-Lumoko udaletxean ia 12 urtez egin duen lanagaz: “Beste batez, gardentasuna, zintzotasuna eta prestutasuna eskaintzen ditut. Harro sentitzen naiz udaletxean egindago lanagaz, nire eskuak garbi daude, bai eta kontzientzia ere”.
EH Bildukoek Gorroñogaz udaletxean “kutunkeria” dagoela salatu zuten, eta adierazpen horien aurka agertu zen atzo udalerriko alkate eta alkategaia. “EH Bildukoak niri buruzko irainak eta gezurrak zabaltzen dabiltza. Gorroñorekin kutunkeria dagoela esaten dabiltza baina ez da egia. Eurak badakite nirekin tranpek ez dutela lekurik udaletxean”.
Okupazioaren gaiari buruz ere hitz egin zuen Gorroñok. Bertan, EH Bilduko hautagaiak okupazioaren alde daudela salatu zuen: “Lanagatik etxetik urrun bazaudete, eta etxea okupatzen badizue, EH Bildu horren alde agertuko da, baina gu horren aurka goaz”.
Atutxak botoa eskatu zuen Gernika-Lumoko udaletxe aurrean: “Arazo bat dagoenean bat eginik aurrera egiteko botoa eskatzen dizuet. Gernikan, Urdaibain, Bizkaian, Euskal Herrian, Madrilen eta Bruselan ahotsa eduki behar dugu, eta horretarako oso garrantzitsua da hiru papeletak hautestontzietan sartzea. Denok bat eginda handiagoak garelako”.