Gautegiz Arteagako herri instalazioak "konpontzeko eta hobetzeko" eskatu diote udalari
Montorre Herri Eskolako ikasleek Gautegiz Arteagako diagnostikoa egin dute Agenda 21eko udal foroan. Hala, herrian beharrezkoak diren hobekuntza lanak proposatu dizkiote Juan Felix Naberan alkateari.
Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, udal foroan parte hartu zuten Montorre Herri Eskolako ikasleek. Hala, Juan Felix Naberan herriko alkateari aurkeztu zizkioten ikasturtean zehar gauzatutako proiektuak, eta herrian burutzeko hobekuntza proposamenak.
Aurten hainbat gai hartu dituzte kontuan ikasleek. Besteak beste, elikadura osasungarriari, birziklapenari, ura eta argiaren erabilpen arduratsuari eta herriko instalazioen egoerari buruz aritu dira.
Eskolari dagokionez, ateak eta lorontziak konpondu beharra aitatu zioten alkateari, eta eskaileretan laban egitea saihesteko konponbideak bilatu behar dituztela ere argi esan zuten.
Herrian badagoela zer hobetu uste dute. Hori horrela, hondatuta dauden iturriak eta bankuak konpontzea, eta jolas parkeko jolasak berritzea eskatu zioten udalari; baita saskibaloiko kanastak jartzea ere. Herriko plazan, lurreko harlauzak eta eskilarak konpontzea ere gai garrantzitsua dela diote. Euria denean aterpea beharra sentitzen dute gazteek, eta jolaserako egokitutako toki bat bilatzea eskatu zioten alkateari.
Hausnarketarako tartea. Herriko neska-mutilek hausnarketa egiteko tartea ere hartu zuten. “Erabiltzaileok gara instalazioak apurtu eta zikindu egiten ditugunak. Horregatik, ardura guztiona da”, esan zuten udal foroan.
Ikasleek sentsibiliazioa ere landu dute Agenda 21 ekimenean. Tailer ezberdinetan ingurugiroa hobetzea landu dute, birziklapenean sakonduz eta jarduera solidarioetan parte hartuz.
Naberanek “atsegin handiz” hartzen ditu herriko eskolako ikasleen proposamenak: “Guretzako eskola herriko zerbitzurik garrantzitsuenetarikoa da, hezkuntza eta ikasketekin batera Gautegiz Arteaga ezagutu eta maitatzen ikasten dutelako. Agenda 21aren bitartez egiten den lanak akats konkretuetatik haratago doan balioa dauka. Izan ere, euren mezuak ingurugiroagaz, osasunagaz, irisgarritasunagaz, aisialdi didaktikoagaz lotuta daude. Balore positibo hauek sendotzen lagundu gura ditugu, eta horregatik kontutan izango ditugu euren eskaerak”.