'Miotako bidelapurrak' taldeak irabazi du Errigoitiko finalaurrekoa
Elorriokoek Busturialdeko Zahar-alive eta Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak taldekoekin abestu zuten barikuan Errigoitin. Kanporaketa irabazita, maiatzaren 25ean jokatuko den finalerako txartela lortu zuten 'Miotako bidelapurrak' taldekoek.
Maiatzaren 25ean, finala. Finalaurrekoen azken kanporaketa hartu zuen Errigoitik. Finala, berriz, Abadiñoko probalekuan jokatuko dute maiatzaren 25ean 17:00etatik aurrera.
Egun osoko jaia prestatu dute antolatzaileek, eskolarteko finalak ere, egun eta leku berean jokatuko dituztelako. Gazteenek goizean hartuko dute probalekua. 10:00etan hasita, eskolarteko bertso idatzien finala jokatuko dute. Eta 11:30ean, berriz, eskolarteko bat-bateko sariketaren finalaka jokatzeko unea helduko da. Finalak bukatuta, sari banaketa egingo dute, 13:30ean.
Bazkarian batuko dira gazte zein nagusiak, 17:00etan hasiko den Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketaren finala berotzeko asmoz. Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian 10 euroren truke.