Eskolarteko Antzerki Astean Lizeoko agertokira igoko dira 150 ikasle
Datorren martitzenetik eguernera bitartean Eskolartek 31. Antzerki Astea ospatuko dute Gernika-Lumoko ikasleek. Lizeoko oholtza gainera aterako dira 150 antzezle inguru.
Urtero legez, Eskolarteko Antzerki Astea ospatuko dute Gernika-Lumoko zentroetako ikasleek. Martitzenean hasita eguenera bitarte egunero izango da saioren bat edo beste. Lizeo Antzokian bilduko dira antzezle zein ikusleak; ikuskizunak 11:00etan eta 15:00etan izango dira, egunaren arabera.
San Fidel Ikastolako LH 6. mailako ikasleen emanaldiagaz emango diote hasiera antzerki asteari martitzenean 11:00etan; Osaba Natxoren testamendua antzerkia landuko dute. Eguerdiko saioa, berriz, Barrutia ikastetxeko LH 6. mailakoen eskuetan dago. Eurek 6.maila bukatu dut! obra antzeztuko dute.
Eguaztenean, berriz, saio bakarra egongo da 15:00etan. Guk elkarri on eginez, zuk zergatik ez? ikasturtean landutako antzerkia taularatuko dute Mertzede Ikastetxekoek. Azken egunean, Gernikako Institutuko DBHko ikasleak aterako dira agertokira, eta Super heroiak antzerkia egingo dute. Landutako antzerkia erakusten azkenak, Seber Altubeko LH 3. mailako ikasleak izango dira, eta Klasikoak? Guai! lana antzeztuko dute.
Ikasleei zuzendutako antzerkiak goizez antzeztuko dituzte, eta arratsaldez, guraso eta familiartekoei eskainitako saioak burutuko dituzte.
Ikasturteko lanaren erakusleihoa. Umeak “gizarteratzeko bidea jorratzea”, eta “euskararen erabilpena areagotzea eta ahozkotasuna lantzea” helburu hartuta, udalerriko bost zentroetako 150 bat antzezle taularatuko dira, beste 1.600 bat ikasleri landutakoa erakusteko.
Belaunaldi pare bateko ikasleek 30 urtez eutsi diote egitasmoari, eta antzerki astearen atzean “ikaragarrizko” lana dagoela zehaztu dute arduradunek: “Lan handia dago atzean. Gernika-Lumoko udalerriko irakaskuntza zentro guztietako ikasleena, bai noski, baina begirale eta irakasleena ere aipatu behar dira”.
EGITARAUA:
- Maiatzak 14. 11:00etan, San Fidel Ikastolako LH 6. mailako ikasleek “Osaba Natxoren testamendua” lana antzeztuko dute. 15:00etan, Barrutia ikastetxeko LH 6. mailako ikasleek “6.maila bukatu dut!” lana taularatuko dute.
- Maiatzak 15. 11:00etan, Mertzede ikastetxeko LH 6. mailako ikasleek “Guk elkarri on eginez, zuk zergatik ez?” lana egingo dute.
- Maiatzak 16. 11:00etan, Gernikako Institutuko DBHko ikasleek “Super Heroiak” antzerkia erakutsiko dute. 15:00etan, Seber Altube Ikastolako LH 3. mailako ikasleek “Klasikoak? Guai!” lana antzeztuko dute.