Frontoia "sutan" jarri dute bakearen aldeko doinuek
Zazpigarrenez Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia bete zuten Bakearen Doinuek. 11 taldek eta 300 ikasle inguruk egindako lanagaz "oso pozik" dago Artur Sustatxa emanaldiaren zuzendaria, eta maila "gaindiezina" lortu dutela dio.
Musikari, dantzari eta abeslariak. 11 taldeetako 300 partaidek ikasturtean landutakoak oholtza eraman zituzten zapatuan. Zazpigarren urtez, Jai Alai frontoia bete zuten, eta bakearen aldeko doinuak lau haizetara zabaldu zituzten. Dantzekin ikusgarritasuna hartu zuen emanaldiak, eta Gernika Garretan antzerkiak irudia jarri zien bakearen doinuei.
Bakearen aldeko aldarrikapena egitea, eta udalerriko musikaren erakusleihoa izatea bilatzen zuen Bakearen Doinuak ikuskizunak, eta bete du asmo nagusia.
Artur Sustatxa zuzendariaren gidaritzapean “gogotsu” aritu ziren parte hartzaileak, emanaldiari zeukan emozioa jarriz. Egindako lana “ikaragarria” izan zela aitortu zuzendariak, eta “oso pozik” dago lortutako azken emaitzagaz: “Brutala izan zen emanaldia, oraindik ez dut sinisten. Lurretik 20 zentimetrotara nago”.
Aurreko urteetan egindakoa hobetu dutela dio: “Maila gaindiezina lortu dugu”. Parte hartzaile guztien maila artistikoa “ikaragarria” izan dela dio gainera, bai eta talde guztien inplikazioa eta jarrera ere: “Hasieratik bukaerara arte oso kontzentraturik egon ziren ikasleak, itzela izan zen”.
Ikasleek eskaini zuten ikuskizuna eta lana azpimarratu ditu zuzendariak: “Ez dugu ahaztu behar ikasleak direla emanaldiaren protagonistak. Banda eta abesbatz amateurrak dira, eta erakutsi duten maila oso ona izan da, heldua. Ematen du, praktikoki, profesionalen mailera heldu direla zenbait abestitan”.
Gerra eta bakearen arteko ideiak kontrajarri zituen emanaldiak, eta doinuei irudia jartzeaz arduratu ziren dantza taldeak. Halaber, Gernika Garretan performancea ere ikusi ahal izan zen lehenengoz. “Gernika Garretan antzerkia emanaldira gehitzeko unean zalantzak genituen antzerkia zelan geratuko zen ez genekielako, baina oso ondo integratuta geratu zen. Neurrira egindakoa izan zen, benetan itzela”, dio zuzendariak.
Musikari profesionalak. Fito cabrales eta Javier Alzola musikariek ere parte hartu zuten Bakearen Doinuetan. Lehenengo parte rockeroan Cabralesegaz jotzeko aukera izan zuten musikariek, eta bigarren zatian berriz, Alzolagaz.
Momentu horiek azpimarratu ditu Sustatxak, bi musikari horiekin oholtza gainean egotea “luxua” zela esanez: “Fitoren sarrerak frontoia sutan jarri zuen. Estadioak betetzen dituen artista batek gure proiektuan parte hartzea guretzako luxu bat da. Eta Alzolagaz ere Euskal Herriko musika bikain landu genuen. Momentu bikainak izan ziren, nire ametsik onenetan ere ez nuen horrelakorik imajinatuko”.
Ikusleek ere bakearen alde egin zuten, eta jasotako erantzuna eskertu du Sustatxak: “Emanaldia bukatuta bi saio eskeini ahalko genituela pentsatu genuen. Herritarren implikazioa oso gertukoa izan zen”. Belaunaldi guztientzako egindako emanaldia, ikusle guztiengana iritsi zen. Izan ere, emozioa nagusitu zen harmailetan emanaldia bukatu zenean.
Orain disfrutatzeko unea dute, eta sinistu ezinik dabiltza. Nekatuta daude, baina gauzak ondo egin izanaren sentsazio ederragaz.