Lea Ibarra Motrollo eta Lagun Onak, Bizkaia Esnea Txapelketako finalean
Bizkaia Esnea Txapelketako kanporaketa guztiak jokatuta, Lea Motrollo eta Lagun Onak taldeen arteko finala ere Errigoitin jokatuko da ekainaren 16an, Elizalden.
Olabarriko jaiak ospatzen dabiltza Errigoitin, eta jaietako protagonismoa hartu dute goizean pilota partiduek. Bizkaia Esnea Txapelketako finalaurrekoak jokatu dituzte, eta Zornotzako Lagun Onak taldeak eta Munitibarko Lea Ibarra Motrollo taldeak lortu dute finalerako sailkapena.
Faboritoak ziren, eta aurreikuspenak bete dituzte Lea-Artibaiko pilotariek. Lea Ibarra Motrollo taldekoek 2-1 irabazi diete Ortuellako Danok Lagunak pilotariei. Partida “berdindua” izan dela azaldu du Unai Arrizabalaga txapelketako arduradunak, eta Munitibarko pilotariek “gogor lan egin” behar izan dutela esan du: “Benjamin mailan irabazi eta alebin mailan galdu eta gero, txiki mailan erabaki da finalerako txartela. Partidu gogorra burutu dute, eta azkenean Lea Ibarra Motrollok eskuratu du sailkapena”.
Iurretako taldearen aurka jokatu dute Zornotzakoek, eta faboritoak Iurretako Olaburu taldekoak baziren ere, zornotzarrek irabazi dute. Benjamin, alebin eta txiki mailetan gailendu dira Lagun Onak taldeko pilotariak; 3-0ko markagailuagaz. “Benjamin mailan errez irabazi dute zornotzarrek. Alebin eta txiki mailetan, berriz, lan egitea tokatu zaie”.
Arrizabalagaren berbetan, Zornotzako Lagun Onak taldean egindako jokalari aldaketetan egon da gakoa: “Iurreta faboritoa bazen ere, Zornotzako taldeak final laurdenetako taldea aldatu eta asmatu egin du gaurkoan”.
Kanporaketa guztiak jokatuta, Lea Motrollo eta Lagun Onak taldeen arteko finala ere Errigoitin jokatuko da ekainaren 16an, Elizalden.