Bakearen doinuek girotuko dute Jai Alai frontoia, zapatuan
Auzolanean egindako Bakearen Doinuak ikuskizuna ikusi ahalko da zapatuan 19:30etik aurrera, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Bakearen aldeko aldarrikapena egitea, eta udalerriko musikaren erakusleihoa izatea bilatzen dute Bakearen Doinuak ikuskizunagaz.
Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren inguruan antolatzen dute Bakearen Doinuak ikuskizuna, eta aurten 300 musikari, dantzari eta abeslari igoko dira Gernika-Lumoko Jai Alaiko oholtzara. Zapatuan 19:30etan jarri dute hitzordua, eta zazpigarren urtez antolatzen den jaialdian bakearen aldeko doinuak entzun ahalko dira, “inoiz baino rockeroagoak”.
Musika eta dantzaren bitartez, gerra eta bakearen arteko ideiak kontrajarriko ditu kontzertuak. Zapatuan, gainera, berritasun modura, Gernika Garretan performancea ere ikusi ahalko da frontoian.
Artur Sustatxak zuzenduko du proiektua, eta 300 ikasle biltzen dituen ikuskizuna antolatzea ez dela erraza aitortu du: “Ikasleen lana ikaragarria da. Horrelako ikuskizuna egiteak lan ordu asko eskatzen ditu, baita talde lan handia ere”. Izan ere, auzolanean egindako saioa da Bakearen Doinuak, herri eta inguruko 11 taldek parte hartuko baitute: Udal Musika Eskolako banda sinfonikoak eta abesbatzak, Andra Mari Koralak, Elai Alai dantza taldeak, Ross Dantza Eskolak, Angeluko Adixkideak Abesbatzak, Bermeoko Abesbatzak, Mundakako Abesbatzak, Busturialdeko Gaiteroak eta Berbalagunek hain zuzen.
Ikuskizuna egitearen zailena hasiera dela dio Sustatxak: “Hasiera da zailena, guztion artean errepertorioa adostea. Gero azken entsegua, ostiraletakoa, izaten da kaotikoa. Baina talde guztien jarrera itzela izaten denez, puzzlea osatzea lortzen dugu, magia egitea da”.
Bakearen aldeko aldarrikapena egitea, eta udalerriko musikaren erakusleihoa izatea bilatzen du Bakearen Doinuak ikuskizunak: “Alde batetik, bonbardaketaren urteurrena gogoratu nahi dugu. Gertaera gordin horri musika eta letra jarri nahi diogu. Horrez gain, adin ezberdinetako herritar heterogeneoak ikuskizunera hurbiltzea ere bilatu gura dugu. Izan ere, banda edo musika sinfonikoa aspergarria dela pentsatzen dute askok, baina kontzertua entzunda, musika eta soinu sinfonikoaren ikuspegia asko aldatzen da”.
Ikuskizunaren errepertorioari dagokionez, bi zatitan banatuko dute saioa, eta lehenengo atala inoiz baino “rockeragoa” izango dela dio Sustatxak: “Lehenengo zatian Pink Floyd, Led Zeppelin, Fito y Fitipaldis edota Ken Zazpiren kantak entzun ahalko dira. Inoiz baino musika gordinagoa egingo dugu”. Bigarren zatia, berriz, “oso euskalduna” izango dela aurreratu du zuzendariak. Hala ere, aurtengoa aurreko urteetakoa baino “poperoagoa” izango dela dio: “Benito Lertxundi eta Urko Sanctusen euskal klasikoak entzun ahalko dira”.
Adin guztietako herritarrek adin tarte guztientzat egiten duten ikuskizuna izango da zapatukoa. “Rockeroa, folklorikoa edota klasikoa bazara oso ondo pasatuko duzu”, dio Sustatxak.
Harrobiaren erakusleihoa. Urtez urte handitzen doan ikuskizuna da Bakearen Doinuak, 1.500 ikusle inguru biltzen dituena: “Guk ez dugu jaialdia handitzea bilatu, kontsolidazio naturala izan da”. Iaz ez zuten ikuskizuna egin, baina aurten, indar handiagaz datoz.
Proiektua SOMEk duen harrobia erakusteko aukera bezala sortu zuen Sustatxak orain dela zortzi urte. Gerora, baina, asko handitu da: “Hasieran formatu txiki batean egin genuen, eta herrian kristoren oihartzuna egon zenez, formatu handiago batean egitea erabaki genuen. Ez genuen pentsatzen horrenbeste pertsona hurbilduko zirenik ikuskizunera. 600 bat inguru joango zirela uste genuen, baina azken urteetan 1.500 pertsona inguru gerturatu dira”.