Udaltzainen lana ezagutzeko aukera dute udalerriko ikasleek
Gernika-Lumoko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutako zerbitzua da.
Udaltzainen eginbeharrak udalerriko umeei hurbildu dizkie Gernika-Lumoko Udalak. Ekimena udaltzainek dituzten konpetentziak ezagutzeko bultzatu dute: “Udaltzainek dituzten konpetentziak zein diren ezagutzea eta agenteen irudi baikorra lantzea da bisiten helburua. Egitarauagaz umeei jakinarazi nahi diegu arazoak dituztenean udaltzaingoetara joan daitezkeela”.
Dagoeneko, udalerriko zenbait ikastetxeetako umeek bisitatu dituzte udaltzainen egoitzak. Seber Altube eta San Fideleko 5 urteko ikasleak egon dira, eta hurrengoak Mertzedeko ikasleak izango dira. Bisita Gernika-Lumoko hezkuntza zentroetako urteroko hitzordua izatea lortu gura du udalak, “ondo pasatzen duten artean ikasi ere egiten dutelako”.
Funtzionamenduaren berri. Zerbitzu horregaz, umeek udaltzainen zerbitzuen funtzionamenduaren berri edukiko dutela azaldu dute udal arduradunek: “Udaltzainek instalazioak erakusten dituzte eta egiten dituzten lanak zein diren ere azaltzen dute. Azalpenak entzuteaz gain, kontrol gela, kalabozoa eta patruila-autoa ere ikusi ahal izango dute umeek”.