Errepublikaren eguna gogoratzeko hitzaldia eta omenaldia egingo dituzte
Bihar Joseba Eceolazak zuzendutako hitzaldia egingo dute Elai-Alai areto txikian, eta etzi, Gernikako presondegi ospitale militarrean hildako presoak omenduko dituzte.
Domekan, apirilaren 14an, 88 urte beteko dira II. Errepublika aldarrikatu zutenetik, eta urtero legez, Gernikako presondegi ospitale militarrean hildako 274 presoak omenduko dituzte barikuan. Bihar, baina, egun hori ardatz hartuta, solasaldia egingo dute. Ekitaldiok Piper Gorri Kultur Elkarteak antolatu ditu.
Fuerte de San Cristóbal: prisión sanatorio izeneko hitzaldia zuzenduko du Joseba Eceolazak bihar 19:00etan Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko bozeramailea da Eceolaza, baita Sartagudan eraiki zen Memoriaren Parkearen bultzatzailetako bat ere. Berak Iruñeako presondegi ospitaleari buruz hitz egingo du.
Etzi 19:00etan, Piper Gorri Kultur Elkarteak bultzatuta, Gernika-Lumoko presondegi ospitale militarrean hildako 274 presoak omenduko dituzte Zalloko hilerrian. Urteroko hitzordua egingo dute Errepublikaren egunaren harira, eta memoria historikoa lantzeak daukan garrantzia azpimarratuko dute ekitaldiagaz.