10.urteurrena ospatzeko kontzertua emango du Toothek, zapatuan
10 urtetan egindakoak batzen dituen kontzertua emango du Gernika-Lumoko Tooth taldeak zapatuan, Iparragirre Rock Elkartean. Denbora batean udalerrian emango duten azken kontzertua izango da asteburukoa.
Ondo pasatzeko asmoz sortu zuten Tooth taldea 2009. urtean, eta, ordutik, gauzak asko aldatu dira talde gernikarrean. 10 urteko ibilbidea egin dute, eta urteak betetzen jarraitzeko asmoa ere badaukate. Orain, hamar urteetan lortutakoa ospatzeko unea iritsi zaie, eta zapatuan 21:30etik aurrera eurekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek Iparragirre Rock Elkartean.
Kordobako VivaBelgrado taldea ere igoko da Iparragirreko oholtzara, 2019an Euskal Herrian eskainiko duten kontzertu bakarra ematera. Talde hori erreferentziatzat dute Toothekoek, “do it yourself munduan mugitzen den taldea delako”.
Pello Arzanegi, Edorta Apraiz eta Iker Roman Mirri hirukoteak osatzen duen taldearentzako “etxea” da Iparragirre. Hamarkada bat igaro da lokal zaharrean lehenengo kontzertua eman zutenetik, eta zapatukoa kontzertu “berezia” izango dela diote. “Bertan praktikatzen dugu, Iparragirren hasi gara, eta hori da gure etxea. 10 urte daramatzagu bertan, eta berezia izango da zapatukoa”.
Lokalean elkarregaz praktikatzen orduak pasatu eta gero, Iparragirreko oholtzara igotzea ez duela edonork lortzen aitatu dute Toothekoek. Gainera, lagun asko joango dira eurak ikustera: “Lagunak etorriko dira kontzertura, eta sentsu horretan ere berezia izango da. Beraiekin gozatuko dugulako”.
Zuzeneko emanaldia pixka bat aldatuko dutela aitortu dute, orain arte, bi kanta jo eta gelditu egiten zirelako. “Oraingoan, baina, jarraipen handiagoa izango dute abestiek. Denetarik joko dugu, betiko legez. Kontzertu guztietan disko guztietako abestiak jotzen ditugu, eta oraingoan ere, berdina egingo dugu. Jendearen erantzuna zelakoa den ere ikusi gura dugu gainera”.
Tooth taldeak denbora batean Gernika-Lumon ez duela gehiago joko jakinarazi dute gainera: “Gu ikusteko azkenengo aukera izango da zapatukoa, urtebete inguruko denbora tartean behintzat. “Inguruan larregi jo dugun sentsazioa daukagu, eta ez dugu jendea gogaitu gura. Muxikako gazte egunean egon ginen, baita Lurgorriko eta Gernika-Lumoko jaietan ere”.
2012 mugarri. Gora behera asko bizi izan ditu Tooth taldeak, batez ere hasieran. Izan ere, taldekideen joan-etorri asko izan zituzten lehenengo hiru urteetan. 2012. urtetik aurrera, baina, gaur egungo hiru musikariek osatzen dute taldea.
2012. urteaz geroztik, bi disko grabatu dituzte, Bi eta Amaierarik ez izenekoak; azken hori iaz aurkeztu zuten Gernika-Lumoko Trinkete Antitxokoan. Taldearen ibilbidean momentu garrantzitsuren bat aukeratzekotan, Bi diskoa kaleratzeko unea izango zela esan dute. “Orduan hasi ginen taldea seriotasunez hartzen. Izen bat lortu genuen, eta leku desberdinetatik deitu ziguten. Espainian zein Europan jo genuen”.
Gelditu barik. Apirilaren 26an hasita, bederatzi kontzertuko hamar eguneko bira egingo dute. Zaragozan hasiko dira, eta Bermeon emango dute bigarren kontzertua. Gero, Torrelavegan ariko dira, eta hortik Galiziara egingo dute salto; Ortigeira eta A Coruñako oholtzetara igoko dira. Ondoren, Oporto eta Lisboa bisitatuko dituzte, Malagara joan aurretik. Azken emanaldia, Alicanten emango dute.
Bira horretan ez dute praktikatzeko denbora aterako, baina uda bukatu bitartean, abesti berriak egiten ibiliko dira Tooth taldekoak: “Uda amaieran grabatzera joan gura dugu, zerbait laburra egin gura dugu, lau abesti ingurukoa”.
Toothekoen filosofia ahalik eta kontzertu gehien jotzea da, eta hroi disko berriekin lortzen dela diote: ” zenbat eta disko gehiago atera, gehiago jotzen dugu. Ez zaigu gustatzen urtebete geldi egotea 12 abestiko diskoa ateratzeko”.