Botere transnazionalaren aurrean dauden aukera berriak aztertuko dituzte kulturaren eta bakearen jardunaldietan
29. Kultura eta Bakearen jardunaldiak ospatuko dituzte eguenetik zapatura bitartean Gernika-Lumon. Gernika Gogoratuz elkarteak elkarriztetarako eremu irekia bilatu gura du jardunaldiekin.
Elkar eragiteko eremu bat bilatuko dute bake eta kultura jardunaldiek 29. urtez. Aurten, Botere transnazionalaren aurrean sor daitezken aukera berriak izango dituzte aztergai etzitik zapatura bitartean Gernika Gogoratuzek antolatutako jardunaldietan. Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan izango dira jardunaldiak, goiz eta arratsaldez.
Botere transnazionalaren aurrean aukera berriak sortzen izenburua dute, hain zuzen, 29. Kultura eta Bakearen Jardunaldiek. Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundura elkarteek EHUrekin elkarlanean koordinatutako Gatazkan dauden Lurraldea proiektua dute ardatz aurtengo hitzaldi guztiek. Cabo Delgado (Mozanbike), Tolima (Kolonbia) eta Urdaibaiko ikerketa jakinen pausoak azalduko dituzte horietan.
Etziko hitzaldietan komunitate eta lurralde ezberdinetan botere transnazionalaren eragina zein den aztertuko dutela jakinarazi du Andreas Schafter Gernika Gogoratuzeko kideak.
Susan George filosofoak botere politikoek enpresa pribatuetan duten eragina azalduko du. Olivia Marcela Zuñigak Honduraseko egoera zein den kontatuko du. Hala, herrialde desberdinetan botere transnazionalen eraginez bizi duten egoera aztertu ahal izango dute. Arratsaldean, berriz, Gernika Gogoratuz elkarteko kideen txanda izango da. Bertan, Gatazkan dauden lurraldeak proiektuaren barnean Gernika Gogoratuzek gauzatutako formakuntzarako edukiak ezagutaraziko dituzte. Euskal Herriko egoera aztertuko dute dokumentalen bitartez.
Barikuan, etzikoari jarraipena emateko, egoera horien aurrean sor daitezkeen aukera berriak ikasiko dituzte.
Miguel Espinosak ikuspegi kritikoa landuko du. Teresa Cunhak Mozanbikeko (Afrika) egoera zein den kontatuko du, eta Daniel Ninak, berriz, botere kolonialari zenbait lurraldetan eman zaizkion erantzunak azalduko ditu.
Zapatuko jardunaldia, elkartekideen artean egingo dute.
Urtez urteko lana
29. aldiz antolatu dituzte bakearen eta kulturaren jardunaldiak, eta lan “asko” dela aitortu du Schafterrek: “Lan asko suposatzen du. 30. jardunaldien atarian gaude, eta jarraitzeko gogo handia daukagu”.
Urtez urte gai jakin bat aztertzen dute, eta bakearen eta kulturaren aldeko lanketa horiek egitea «ezinbestekotzat» jo du elkarte kideak: “Jardunaldi hauei esker urrunean gertatzen dena aztertu dezakegu, gero, egoera horien atzean dauden ikuspegiak aztertzeko eta ikasteko”.
Gertaerak aztertuta, gainera, beste herrialdeetako arazoak gurean ere aplikatzen direla aitortu du: “Arazoen atzean dauden arrazoiak ondo begiratuta, hemen ere antzeko gauzak gertatzen dira. Eta horretaz ohartzeko aukera bikainak dira bihartik zapatura arteko jardunaldiak”.
Egitaraua:
Apirilak 11 (Etzi)
9:15-10:00. Gernikako Kultura eta Bakearen 29. Jardunaldien inaugurazioa Elai-Alai aretoan.
10:00-11:00. El poder politico del sector privado hitzaldia Susan Georgeren eskutik. Elai-Alai aretoan izango da.
11:30-12:30. La defensa del territorio y la lucha del pueblo lenca frente al megaproyecto hidraelectico Agua Zarca en Honduras izeneko hitzaldia Olivia Marcela Zuñigak zuzenduta, Elai-Alai aretoan.
12:30-14:00. Elkarrizketa horizontalak Elai-Alai aretoan.
16:00-18:00. Solasaldia. Gero, Ana Etxarte eta Vasco Coelhok Gatazkan dauden lurraldeak; Tolima, Cabo Delgado eta Urdaibai proiektuaren baitako dokumentala aurkeztuko dute Elai-Alai aretoan.
Apirilak 12 (Barikua)
9:00-10:00. Miguel Espinosak zuzendutako Enfoques criticos desde la geografia politika hitzaldia Elai-Alai aretoan.
10:00-11:00. Teresa Cunhak Mirada critica del feminismo a las epistemologias del sur hitzaldia emango du Elai-Alai aretoan.
11:30-12:30. Dabiel Ninak zuzendutako hitzaldia Elai-Alai aretoan: Respuestas y resistencias a la colonialidad del poder: ¿Quien es el sujeto de la historia hoy?.
11:30-12:30. Elkarrizketa horizontalak Elai-Alai aretoan.
13:30-14:00. Gernikako Kultura eta Bakearen 29. Jardunaldien amaiera Elai-Alai aretoan.
14:00-15:00. Pikoteo agroekologikoa Elai-Alai aretoan.
Apirilak 13 (Zapatua)
10:00-14:00. Gatazkan dauden lurraldeak izeneko nazioarteko proiektuaren barne mintegia, Gernika Gogoratuz elkartearen egoitzan.