"Orain artekoari eutsi eta bizitza duin baten aldeko apustua egiten jarraituko dugu"
Euripean ere, beste astelehen batez, euren aldarrikapenei eutsi diete pentsiodunek. Eskualde mailako manifestazioa egin dute Gernika-Lumon, eta bizitza duin, justu eta berdintsuago baten alde borrokatuko dutela esan dute.
Gaur egungo eta etorkizuneko pentsio justu eta duinen alde egiteko kalera atera dira beste astelehen batez, Busturialdeko pentsiodunak. Gaurkoan, baina, eskualde mailako manifestazioa egin dute Gernika-Lumon, eta zapatuan Bilboko mobilizaziora joateko deia egin dute bertan.
Aterkipean, euren aldarrikapenei eutsi diete pentsiodunek, eta bizitzeko beharrezkoak eta nahikoak diren pentsioak eskatu dituzte beste behin: “Gizartearen oinarrietan eragiten gabiltza. Hau da, gizarte justuago baten alde egiteko borrokan. Kalera irtenda zaila izaten da eskatzen dena lortzea, baina geldirik egonda, badakigu ez dugula ezer lortuko”.
Eskubide duinen alde borrokatzen dabiltza pentsiodunak, eta eskubide horiek guztientzako izango direla adierazi dute: “Ez dago oraina jokoan, geroa baizik. Horregatik, orain artekoari eutsi eta bizitza duin baten aldeko apustua egiten jarraituko dugu; guztiontzat”.
Astelehenero kalean egotea “neketsua” dela diote, baina ez dute atzera pausorik emango. Izan ere, hauteskunde aurreko garai hauetan agintariek gutxieneko pentsioei buruz hitz egingo dutela badakite, baita emakume eta gizonezkoen arteko diru arrakalari buruz ere. Horregatik, borrokatzen jarraitzeko unea “orain” dela esan dute: “Batzuetan neketsua egiten zaigu astelehenero-astelehenero kalean egotea, baina ez dago atzera egiterik. Aukera txiki bat dugu orain. Horregatik aldarrikapenekin jarraitu behar dugu”.
Bizitza duin, justu eta berdintsu baten aldeko apustua egiteko “beharrezkoak” diren eskaerak gogorarazi dituzte. Hala, Europako Gutun Sozialaren exigentziak betetzeko helburuagaz, gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eskatu dute, bai eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea ere. Gainera, 2011. eta 2013. urteetan ezarritako pentsio erreformen “alde atzerakoiak” indargabetzeko eskatu dute.
40 urte lanean egon den aurre jubilatua ez zigortzeko esan dute, eta pentsiodunei dagozkien kontuetan erabakitzeko aukera izatearen alde egin dute.
Emakumeak egoera “latzenean”. Gaurkoan ere, ez dituzte emakumeak ahaztu. Bertan egon dira Oneka euskal emakume pentsiodunen plataformako kideak ere. “Emakumeok alderik txarrena jasatzen dugu, gure pentsioak gizonezkoenak baino askoz ere txikiagoak direlako bizitzako unerik ahulenean”, adierazi dute plataformakoek.
Pentsiodunen %80 emakumeak direla aitortu dute, eta eurak direla pentsio txikienak jasotzen dituztenak esan: “Agintariek pentsioak gastu bat direla etengabe esaten dute, baina pentsioak ez dire pribilegioak, eskubideak baizik”.
Zapatuan, Bilbora. Agintariek pentsiodunen egoera bere horretan mantendu gura dutela esanda, zapatuan bilbora joateko deia egin dute Busturialdeko pentsiodunek: “Badago zetan joango garen galdetuko digunik, baina badago zer lortu. Gauzak betiko moduan mantendu gura dituzte, baina guk, pentsiodunok, borrokan jarraituko dugu”.
Herrialdeotako hiriburuetan egingo dituzte Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen plataformek deitutako manifestazioak. Hauteskunde kanpaina hasiko den egun horretan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak betezeko deia egin dute. Hain zuzen, eskakizunak eta pentsio duinen aldarrikapena hauteskunde kanpainan eztabaidagunean ipini nahi dituztelako aterako dira kalera. Bilboko manifestazioa Bihotz Sakratuaren enparantzatik abiatuko da, 18:00etan.