"Taldea sortu genuen denekin akordatzen naiz; sari hau eurentzat da"
Kirolaren Aldeko Gernika Saria jaso du Jesus Manuel Madariagak. Urrian 40 urte beteko dira Arkupe Pilota Taldea sortu zutenetik. Ohorezko Presidentea sorreratik dago taldean; pasioz bizi du pilota, eta etorkizunari ilusioz begiratzen dio.
Halako aitortza jasotzeak zer suposatzen du? Nogaz oroitu zara saria jasotzerakoan?
Ni ez naiz halako ekitaldien zalea, baina etorri beharra nuen. Taldea sortu genuen denekin akordatzen naiz; sari hau eurentzat da. Batzuk bizirik daude, beste batzuk ez. 40 urte asko dira; orduan gazteak ginen, eta eurengatik pozik nago.
40 urte beteko dira Arkupe sortu zenutela. Zelan edota zerk bultzatuta sortu zenuten?
1979ko urriaren 29an sortu genuen. Gernikan orduan ez zegoen frontoirik, eta Pasealekuko arkupeetan egiten genuen pilotan. Afizioa geneukan talde bat biltzen ginen, eta pentsatu genuen talde bat sortzea. Arkupeetan aritzen ginenez, Arkupe izena jarri genion.
Zelako bilakaera eduki du taldeak?
40 urtean dena aldatu da. Ilusio handiagaz hasi ginen; sentimendu handiagaz. Lagunak ginen, eta familia bat osatzen genuen. Gero, elkarte modura, dena aldatu da. Orain, sentimendu gutxiago dago, baina ezin gara kexatu. Badaukagu asko laguntzen gaituen jendea; pilotazaleak direnak eta pilotarengatik asko egiten dutenak. Arazoa da pilotak ez daukala erakargarritasunik kirol moduan. Orokorrean, herri kirolekin gertatzen da hori; tradizioz bertokoak diren kirolekin. Betiko kirolak izan direnak hiltzen doaz. Futbolak eta saskibaloiak askoz ere indar handiagoa daukate, eta hori onartu egin behar da.
40 urtean bizipen asko bildu dituzue. Era berean, hamaika txapelketatan ere parte hartu duzue. Ba al dago bereziki gogoratzen duzuen bat?
Sari asko jaso ditugu, baina halakorik ez. Niretzako sari bereziena lehenengoz Herriarteko Txapelketa irabazi genuenekoa da; Iurretan Mallabiari irabazi genion. Horren ostean, bost irabazi genituen jarraian, baina lehenengo hura izan zen bereziena. Gero ere sari asko irabazitakoak gara; talde onak eta pilotari onak eduki ditugu.
Pilotaria, idazkaria, presidentea… Denetik egin duzu klubean, eta zeu zara ohorezko presidentea.
Pilota gustuko dut, eta hemen segitzen dut ahal dudan guztian laguntzen. Ia egunero joaten naiz Santanapera. Beti izan naiz umila; ez zait protagonismoa gustatzen. Pilotarengatik egin dut dena, eta horrela segituko dut.
Etorkizuna zelan ikusten duzu?
Momentu honetan krisian gaude. Gernika-Lumok 17.000 bat biztanle dauzka, eta 50 ume daude taldean; inoiz baino gutxiago. Baina indartzen ari gara. Esaterako, aurten nesken taldea osatzea lortu dugu. Pentsatzen dut denon artean, denok lan eginda, gorantza egin ahal dugula.
Pasealekuko arkupeetatik sortu zen taldea, eta aurten bertara itzuliko zarete.
Lanak amaitzear daude, eta beraz, hilabete honen erdialdean bertan entrenatzen hasteko asmoa daukagu. Lanak noiz amaituko zain gaude.