Kirolaren Aldeko Gernika Sariak banatu ditu udalak, lehenengoz
Herrian kirolzaletasuna bultzatzeko egindako lana saritu dute. Jesus Ruiz, Angel Artola eta Jesus Manuel Madariagari, zeinek bere arloan egindako lana aitortu diete.
Gernika-Lumoko Udalak Kirolaren Aldeko Gernika Sariak banatu ditu, lehen aldiz. Udalerrian kirolzaletasuna bultzatzeko egindako lana aitortu diete SC Gernikesa taldeko Jesus Ruiz Terani, Gernika Clubeko presidente izandako Angel Artolari eta Arkupe Pilota Taldeko sortzaile eta gaur egungo ohorezko presidente Jesus Manuel Madariagari.
Zein bere alorrean, urte askotan pasioz lan egiten dute, eta oraindik ere gertutik jarraitzen dute taldeetako jarduna.
Ruiz 13 urtegaz hasi zen txirrindularitzan, eta hamar bat urtez aritu zen lasterketetan, SC Amorebietan. Ciclista Gernikesa sortu zuen, hainbat lagunegaz batera. Ardura osoa hartu, eta lasterketak antolatzen hasi ziren. Txirrindulari eskola ere sortu zuten. Gaur egun, ez dute txirrindulari talderik, baina eskualdean lasterketak antolatzen jarraitzen dute.
Urteetako lanaren saria
“Bizikleta utzi ondoren, mekanikari aritu nintzen txirrindulari taldeetan, eta 1983an, bizikleta denda zabaldu nuen. Ondoren, Gisasola eta Aldanagaz sortu nuen eskola, eta 1985etik 2013ra arte izan genuen taldea”, gogora ekarri zuen Ruizek.
Garai oparoenetan bizitako pasarteak aitatu eta eskola berriro martxan ikusteak poztuko lukeela aitortu zuen. “Enrique Gerrikagoitia, Gorka Gerrikagoitia, David Seco, Rafa Mateos, Andoni Lafuente, Pello Bilbao… Halako txirrindulariak hemendik atera direla jakiteak sekulako poztasuna ematen du”.
Madariaga umetan hasi zen pilotan jokatzen, eta nekaezin jarraitzen du. Azken urteotan pilotak bizi duen krisiaz mintzatu zen: “Presidente nintzela 150 ume zeuden. Lehenago ezagutu nuena ikusita, frontoira joaten naizenean pena ematen dit. Agian, momenturik txarrenean gaudela esango nuke. Baina etorkizunerako ilusioz nago”.
Argi-ilunak
Umeentzat erakargarria ez den kirola dela zehaztu, eta bizi duten egoerari buelta emateko lan egitearen beharra nabarmendu zuen. “Pilotan Gernikak izen handia eduki du beti; momentu batean pilota kirol izarra zen herrian. Orain, eskolaz aparte, ikastetxeetan ere monitoreak ditugu, eta umeak pilotan hasten badira ere, 8-9 urtegaz beste kirol batzuen ordez utzi egiten dute. Pilota bultzatzeko lan egin behar dugu”. Zeregin horretan, pilota Pasealekura eroatea pauso garrantzitsua izango dela uste du Arkupe Pilota Taldeko ohorezko presidenteak: “Han entrenatzen hasita, espero dugu umeak erakartzea”.
Bestalde, Artolak 28 urte egin ditu SD Gernika Clubean (hainbat etapatan); 25 presidente moduan, eta hiru urte presidenteorde. 1989an sartu zen klubean, eta azken etapa orain dela bi urte amaitu zuen. Presidente izan zen lehen urtea gogora ekarri zuen. Kirol arloan zein ekonomikoan egoera latza zen. “Hirugarren mailan geunden, baina desagertzeko zorian, arazo ekonomikoak zirela eta”. Orduan alboan izan zituenak oroitu zituen: “Denen artean kluba altxatu genuen; kostata, baina lortu genuen. 1989-1990 eta 1990-1991 denboraldietan oso txarto pasatu genuen, mailaz jaistearen arriskuagaz. Apurka-apurka burua altxatzen hasi ginen”.
Taldearentzat aldaketa handia suposatu zuen beste data bat aitatu zuen. 2005ean Santa Luziako zelai naturaletik Urbietako zelai artifizialera pasatu ziren. Lau denboraldi daramatza taldeak 2.B mailan: “Mailan sendotuta eta egoera ekonomiko oso onean utzi nuen taldea”.
Aurten hiru horiek aukeratu dituzte, “beteranoenak” direlako, baina aurrerantzean beste klubetako zenbait kideren lana aitortzeko asmoa daukate.
Euren lana, zaletasuna eta taldeentzat egindako guztia aitortzeko sariak direla azaldu zuten bariku gauean egin zuten ekitaldian. Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak esan zuen omenaldia eskerrak emateko modu bat zela: “Klubetan zaudeten gizon-emakumeei zuzendutako aitortza da. Taldeetan zaudetenoi eskerrak emateko da. Gustuko dituzuen kirolak direlako zaudete taldeetan, baita gauzak ondo egin gura dituzuelako ere”.