Demokrazia garaiko lehen alkateak omendu dituzte gaur
EUDELek demokrazia garaiko lehen udalen 40. urteurrena ospatzeko garai hartako alkateak omendu ditu, Gernika-Lumoko Batzarretxean. Hala, gaur egungo udaletako aginte makilak eskuetan dituzten alkateak iraganekoekin elkartu dira Gernikako Arbolaren aterpean.
Emakumezko 4 eta gizonezko 224 alkate hautatu zituzten diktaduraren ondorengo lehenengo udal hauteskunde demokratikoetan 1979ko apirilaren 3an, eta horiek omentzeko ekitaldia egin du EUDELEK, gaur, Gernika-Lumoko batzarretxean. Hala, gaur egungo udaletako aginte makilak eskuetan dituzten alkateak iraganekoekin elkartu dira Gernikako Arbolaren aterpean.
Herriaren nahia ordezkatuz herritarrengandik gertueneko erakundeak berreskuratu zituztelako omendu ditu Euskadiko Udalen Elkarteak garai hartako alkateak: “Adostasunaren, konpontzeko asmoaren eta hobetzearen alde egunez egun, herriz herri izan zuten konpromisoa omendu gura izan dugu, hori benetako ondarea delako”.
Une historiko eta zail batean euskal udalgintza berriaren oinarriak ezarri zituzten herriz herri banatutako 228 alkatek, eta autogobernua nahiz gaur egun indarrean dagoen sistema instituzionala eraikitzeko urratsak eman zituzten. Legegintzaldi haren 70 alkate baino gehiago elkartu dira gaur eguerdian gaur egungo alkateekin batera, “belaunaldien arteko topaketa historikoan”.
Makila eskuz esku 40 urtez lelopean Imanol Landa EUDELeko elkarteburuak alkateen lana goretsu du, “belaunaldiz belaunaldi datorren transmisio kate bateko begiak izateagatik eta garai bakoitzean udalerrien bizi kalitatearen alde guztia emateagatik”.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak pertsona “adoretsuak” legez deskribatu ditu orain dela 40 urteko alkateak. “Nik, beste askok legez, pentsatzen dut zerbitzu publikoan lan egin gura duen pertsona batentzat ez dagoela gauza pozgarriagorik bere herriko alkatea izatea baino”.
Iragana eta etorkizuna aurrez aurre. Aginte makila eskutik eskura igaro da urte luzez, eta lau hamarkadetako euskal udalen iraganeko eta etorkizuneko erronkak gogoratu dituzte.
Gizarte zerbitzuetan eta arreta komunitarioan izandako bizipenen berri eman dute Ortuellako alkatea izan zenak eta Gorlizko alkatea denak. Biek goretsi dute udaletan egiten den oinarrizko lanaren balioa, “herri eta hirietatik komunitatea eratzeko, eta ongizatea, bizi-kalitatea eta gizarte kohesioa garatzeko”.
Mari Sol Bujanda Arabako Moredako demokraziako lehenengo alkateak eta Idurre Bideguren Bermeoko alkateak emakume hautetsien lidergo eta jabekuntzaren garrantziari buruz hitz egin dute. Biek ala biek onartu dute oraindik lan asko dagoela egiteko: “Gaur egungo alkateek, eta zinegotziek, foru ahaldun nagusiek eta autonomiako sailburuek zeregin handia dute berdintasunaren alorrean, eta haien eginkizuna ezinbestekoa da. Emakumeek ardura politikoak betetzeari dagokionez, etiketak baztertu behar dira. Kultura eta Gizarte Sailburu izateaz gain, badugu gaitasuna Hirigintza edo Ekonomia zuzentzeko”.
Jose Antonio Ardanza Lehendakari ohiak ere hitz egin du. Bere esperientzia politiko zabaletik abiatuta, udalerriek aurrera egiteko herriaren mesedetan lan egiteko gogoak eta alkateen lidergoak zer dakarten azaldu du. Gainera, udalen hastapenak gogorarazi ditu: “Askatasuna, demokrazia, berdintasuna eta ideien errespetua sustatu genituen. Beti pentsatu dut udalak direla politikarien eginkizuna ikasteko eskolarik onena”.