Martin Sagasti Zabala izango da Muxikako EAJren alkategaia
Sagastiren lehentasunetako bat auzoetako bizi kalitatea hobetzea izango da. Kurtzero ingurua berrantolatzeko azterketa egitea ere "ezinbestekotzat" jo du EAJko alkategaiak.
2019ko hauteskundeetarako zerrendaburua izendatu du Muxikako EAJk. Hala, Martin Sagasti Zabala izango da, lehen aldiz, Muxikako alkategaia.
Muxikako udalerria zabala eta sakanatua dela arrazoi hartuta, bere lehentasunetako bat auzoetako bizi kalitatea hobetzea izango dela adierazi du Sagastik: “Auzoetako bizi kalitatea hobetu behar dugu: bizitzeko moduko auzoak, erosoak, bultzatu behar ditugu, eta, horretarako, ekintzak edo loturak eskaini behar dira”.
Hori horrela, Kurtzero ingurua berrantolatzeko azterketa egitea “ezinbestekotzat” jo du EAJko alkategaiak: “Kurtzeroko segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko, eta urek gainezka egiteko arriskua murrizteko Kurtzero ingurua berrantolatzea ezinbestekoa da. Horretarako, beharrezkoa izango da erakunde desberdinen inplikazioa bultzatzea”.
Lehen aldia politikan. Sagastik lehen aldiz aurkeztu du bere burua kargu publiko baterako, eta erantzukizun “handia” dela aitortu du. Herritarrek udalerriarekiko duten “harrotasunak” bultzatu du Sagasti politikara: “Nik ere badauzkat herritarrek herria hobetzeko jartzen dituzten gogoak. Herritarrek jartzen duten gogo horrek animatu nau politikara salto egiten”.
Motibazio hori jeltzaleen taldean ere antzeman duela adierazi du Ibarrurin duela 58 urte jaiotako ingeniari industrialak. “Jende prestatua dago taldean, eta proiektuak aurrera eramateko gogo handia dago. Oso babestuta sentitzen naiz”, aitortu du Ibarrurikoak.
Sagasti Bilboko Euskalduna Jauregiko zuzendari teknikoa da eraikuntza zabaldu zenetik. Deustuko Unibertsitateko INSIDEn Enpresen Administrazioan Masterduna da, eta IDOM Ingeniarutza eta Aholkularitza enpresan lan egin zuen 1.987. urtetik 1.999. urteera arte; orduan zabaldu zuten Euskalduna Jauregia.