Eusko Legebiltzarrak Gernikako Ospitaleko proiektuaren erreklamazioa onartu du
Gernika-Lumoko ospitaleari benetako ospitale izaera emateko asmoz, Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamena erregistratu zuten EH Bilduko talde parlamentarioko kideek, urtarrilean. Martxoaren 26an, berriz, Eusko Legebiltzarrak proiektuaren erreklamazioa onartu zuen.
Gernika-Lumoko ospitaleari benetako ospitale izaera emateko asmoz, urtarrilean legez besteko proposamena erregistratu zuten Eusko Legebiltzarrean EH Bilduko talde parlamentarioko kideek. Martxoaren 26an, berriz, Eusko Legebiltzarrak proiektuaren erreklamazioa onartu zuen.
Legebiltzarrean proiektuaren erreklamazioa onartu izana aurrera begirako pauso bat dela esan dute Oheen Aldeko Osakidetzako taldeko kideek: “Orain, emandako urrats hori gauzatzea da garrantzitsuena“. Ez dira asko fidatzen, eta onartutako erreklamazioari jarraipena egingo diotela adierazi dute: “Onartutakoa martxan jarri bitartean, bere jarraipen zuzena egiteko konpromisoa hartzen dugu”.
Ospitalearen proiektua onartu zutenetik, eta ospitalearen zabaltze ofizialetik Busturialdeko politika eta gizarte eragileek eraikinaren 3. solairuan 72 ohe jartzeko eskatu dute hainbat alditan. Hala ere, oraindik solairuak hutsik jarraitzen duela salatu dute. “3. solairuko oheen behar handia dago eskualdean. Gero eta zaharragoa da Busturialdeko biztanleria, eta euren eskakizunei bide eman behar zaie. Ezinbestekoa da espazio hau erabiltzea ospitalizazioa behar duten gaixoen jarraipena egiteko. Baita egonaldi laburreko ospitalizazioen tratamenduak bideratzeko ere”.
Oheak jartzeak beste zerbitzu batzuen beharrizana dakarrela badakite osakidetzako taldekoek: “Oheak jartzeak ospitale baten funtzionamendua edukitzea eragingo luje, lanpostu gehiago sortuko lituzkeelako”. Arazoa, baina, administrazioak gastu moduan hartzen duela da.
Desadostasunak. EH Bildu, Podemos eta Alderdi Popularraren botoei esker onartu zuten proiektuaren erreklamazioa. EAJk eta PSEEk, bestalde, aurka bozkatu zuten.
“Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdi politiko horiek berien botoekin Gernika-Lumoko Ospitalean oheak behar dituzten gaixoentzako oheak ez jartzea erabaki dute”, adierazi dute Oheen Aldeko Osakidetzako taldeko kideek. Gainera, erabaki hori ulertzea “zaila” egiten zaiela diote: “Onartezina iruditzen zaigu bi alderdien gobernu itunek zelan ematen dieten lehentasuna beraien interes partikularrei eta ez guztien onerako den eskualdeko ospitale bati”.