Eskolarteko Dantzari Egunak 1.412 ikasle batuko ditu domekan Gernika-Lumon
11:00etan jarri dute hitzordua Pasealekuan, eta, bertatik abiatuta, kalejiran joango dira dantza egingo duten lekuraino. Eguraldi ona balego, Urbietako futbol zelaian egingo lukete dantza erakustaldia; eta eguraldi txarragaz, berriz, merkatu plazan.
Beste urte batez, Gernika-Lumoko ikasleek Eskolarteko Dantzari Eguna ospatuko dute domekan. Ohi bezala, eguraldi ona balego, Urbietako futbol zelaian egingo lukete dantza erakustaldia; eta eguraldi txarragaz, berriz, merkatu plazan.
Udalerriko ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute dantza saioan: 3 eta 15 urte bitartekoak, hain zuzen. Allende Salazar Ikastetxeko, Barrutia ikastetxeko, Mertzede ikastetxeko, San Fidel Ikastolako eta Seber Altube ikastolako ikasleak izango dira domekako saioan dantza egingo dutenak. Eurekin, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitixa eta txistulari taldekoak egongo dira, bai eta Errenteriako Gazteak Txistulari Taldeko kideak ere.
11:00etan jarri dute hitzordua Pasealekuan, eta, bertatik abiatuta, kalejiran joango dira dantza egingo duten lekuraino. Dantza saioa, berriz, 11:30ean hasiko dutela jakinarazi dute Gernika-Lumoko Udaleko arduradunek.
Euskal Herriko dantzen agerraldia egingo dute, dantza ezberdinak plazaratuz. Hain zuzen, lautan banatu dute dantza saioa. Lehenengo, Durangoko dantzari dantzak egingo dituzte (Agintariena, Banango, Ezpata joko txikia, Txotxongilo); Arabako, Lapurdiko, eta Nafarroako dantzen txanda iritsiko da gero (Makil joko I, Makil joko II, Txulalai, Zapatain dantza, San Petrike); Gipuzkoako Makil txiki eta Durangoko dantzak ere dantzatuko dituzte hirugarren zatian (Euzko dantza, Arku dantza, Zinta dantza); eta Benafarroako martxagaz bukatuko dute erakustaldia.
Antolakuntza. 29 urtez eutsi zaio Eskolarteko Dantzari Egunaren ohiturari, eta ikasturte osoan landutakoa erakusteko eguna izaten dute Lehen Hezkuntzako ikasleek. Egun horren helburua “umeen gizarteratzea euskaraz eta emozioz betetako egun bategaz gauzatzea da, ekitaldi erraldoi eta hunkigarria bitarteko”.