Gaixo dauden presoen eskubideen aldeko giza katea egingo dute Gernika-Lumon
Nazioarteko Osasunaren Egunaren harira Sarek bultzatutako giza katea egingo dute Gernika-Lumon. Kepa Arronategiren egoera salatuko dute.
Nazioarteko Osasunaren Eguna da domekan, eta egun horren harira, larriki gaixo dauden presoen egoerak gogora ekartzeko eta beraien etxeratzeak eskatzeko giza katea egitera deitu du Sare Gernikak.
Kepa Arronategi preso gernikarraren etxeratzea, eta larriki gaixo dauden beste presoen etxeratzeen alde egiteko kaleak beteko dituzte bertaratzen direnek. Hala, Ni Zu Bi herri ekimenari jarraipena emango diote eskualdean.
Udalerrian Merkurio iturriaren inguruan batuko dira etzi 19:30ean, eta giza katea eginez, udalerriko erdigunea inguratuko dute. Ekitaldi “laburra baina beharrezkoa” izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta jakinarazi dutenez, adierazpen batzuk eginez bukatuko dute agerraldia leku berean. Bertan, Kepa Arronategiren kasua gogoratuko, eta bizi duen egoera gogorra plazaratuko dute.
Sareko kideek azaldu modura, ekitaldia Nazioarteko Osasunaren Egunaren harira izango denez, medikuntza arloan jarduten duten edo jardun izan duten pertsonek irakurriko dute testua, “osasunaren arloan eurak dutelako besteok baino zeresan handiagoa”. Sarek eskualdeko herritarrei parte hartzeko eta kaleak betetzeko deia egin die.
21 preso gaixo. Osasun eskubidearen aldeko ekimenagaz, “legez eta giza eskubidez” etxean egon behar zuten, baina oraindik ere gaitz larriekin preso daudenen egoera ekarri nahi dute mahai gainera. Lartzela politikak osasuna larriki kaltetzen duela azpimarratuko dute. “Espetxean egoteak gaixo dauden presoen kasuan, gaixotasunei aurre egiteko aukerak murrrizten ditu. Izan ere, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipen ezak eragin zuzena du”, adierazi dute Sareko kideek.
Gogorarazi dutenez, euskal presoen %84 lehen graduan daudela, eta ondorioz, salbuespen legedia ezartzen zaiela adierazi dute. Muturreko egoera horrek zuzeneko eragina dauka beraien osasunean.
Oraindik orain 21 euskal presok gaixotasun larriekin espetxean jarraitzen dute, “baldintza gogorren pean gaixotasunari aurre egiten”. Eta berandu baino lehen, “baldintza egoki eta duinentan” etxeratuak izan daitezen lanean jarraitu beharra dagoela azpimarratu dute.