Azoka eremuko lorategian dagoen iturria berrituko du Gernika-Lumoko Udalak
Eraberritze plan horrek 30.500 euro inguruko aurrekontua dauka, etsa urreikustako epeak betetzen badira, maiatzerako prest egongo dela jakinarazi dute udal arduradunek.
Gernika-Lumoko azoka eremuko lorategian kokatuta dagoen iturria berrituko du udalak. Hala, udal arduradunek esan modura, antzina izan zuen “protagonismoa” berreskuratuko du Juan Calzada eta Pablo Picaso kaleen artean dagoen iturriak.
Goitik behera eraberrituko dutela adierazi du Jose Maria Gorroño udalerriko alkateak: “Azken urteetan hainbat arazo izan ditu, ura husteko bideak buxatuta egon direlako”. Besteren artean, hurrengoak dira burutuko dituzten jarduerak: iturriaren kanpoaldea hobetuko dute, uraren zirkuitua zuzenduko dute, koadro elektrikoa berriro diseinatuko dute eta etorkizunean martxan jarri ahal izateko programazio automata sortuko dute. Iturriaren eraberritze horregaz, iturriak botako dituen ur zurrusteak “hainbat koloretakoak” izango dira.
Eraberritze plan horrek 30.500 euro inguruko aurrekontua dauka. Aurreikustako epeak betetzen badira, maiatzerako prest egongo dela jakinarazi dute udaleko arduradunek.
Ikasleen lana. Ekimen hau aurrera ateratzeko, Barakaldoko Nicolas Larburui Lanbide Heziketako Zentroko Automatizazio eta Robotikako bigarren ikasturteko ikasleen laguntza edukiko du udalak. Izan ere, udalak lankidetza hitzarmena sinatu du zentro horrekin: “Ikasleek iturriari balioa emateko proiektua garatzeko ardura hartuko dute”.
Proiektua diseinatuta, Siemens-ek sustatutako ‘Industriaren automatizazioa 4.0’ prototipoen txapelketa nazionalaren hamaikagarren edizioan aurkeztuko da, taldearen irakaslea eta Jon Lejarragaren ikuskaritza lanarekin.