Talleres de Gernikako bunkerra berrituko du Gernika-Lumoko Udalak
Memoria historikoa berreskuratzeko gune garrantzitsua delako berriztuko dute agerian geratu den babeslekua. Apirilaren 26rako prest edukitzea espero du Gernika-Lumoko Udalak.
Talleres de Gernika izeneko lantegian zegoen bonbardaketetatik babesteko babeslekua berrituko du Gernika-Lumoko Udalak , “memoria historikoa berreskuratzeko gune garrantzitsua delako”.
1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak udalerria suntsitu zuen egunean hainbat herritarrek babesa aurkitu zuten bunkerrean, eta hori berriztatu gura du Udalak. Alkatearen berbetan, memoria historikoa berreskuratzea beharrezkoa da: “Dagoeneko bisitatu daitezkeen Pasealekuko eta Astrako babeslekuekin batera gure memoria historikoa gal ez dadin, balorean ipini nahi dugu antzinako hirugarren bunker hau ere”. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, bunkerra egoera “tamalgarrian” dago, hondakinez beteta.
Astrako arma lantegiko babeslekutik 150 metrotara dagoen babeslekua da orain ikusgai geratu dena. 22 metro luzera eta 5 zabalera dauzka, eta metro bateko hormigoi-armatuzko hormek osatzen dute. Defentsa instalazioak izan zuen burdinezko atea berreskuratuko dute, eta 1916ko antzinako argazkiekin ere atonduko dutela adierazi dute. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatearen esanetan, datorren hilabetean izango den bonbardaketaren 82. urteurrenerako prest egongo da bunkerra.
Berriztatze obrak amaitu eta gero, udalak bonbardaketaren ibilbideko guneen artean sartu gura du ganga-formako eraikuntza hau. Ibilbide turistiko honen barruan Pasealekuan eta Astran dauden bonbardaketetatik gordetzeko babeslekuen barrura sartzeko aukera ere badago.
Bunkerra ikusgai. Talleres de Gernikako gunean geratu da ikusgai bunkerra. Izan ere, inguruko espaloia handitzeko lanean dabil Gernika-Lumoko Udala. Ekimen hau Tokiko Gobernuak duen hirigintza planaren barruan dago kokatuta. Bertan jasota dago, Astrako pabiloia eta Talleres de Gernikako eremu industriala batzea. Espaloi berria egingo dute, 2 metroko zabalera eta 166 metroko luzera edukiko duena; bidearen zoladura ere egingo dute.
Era berean, Talleres de Gernikako horma atzeratuko dute. Udaleko iturrien arabera gaur egun duen estutzeak ibilgailuei ikusbidea kendu egiten dielako egingo dute obra. Jarduera honek 142.840 euroko aurrekontua dauka, eta dagoen kable-sarea lur azpitik sartuko da.