Mikel Aiestaranek jasoko du George Steer Gernika Bakearen aldeko Kazetaritza Saria
Lehenengoz banatuko dute aurten George Steer Gernika bakearen aldeko kazetaritza saria, eta Mikel Aiestaranek jasoko du apirilaren 27an.
Bakea eta adiskidetza sustatzeko urrats bat gehiago eman du Gernika-Lumoko Udalak. Hala, aurten lehenengoz, George Steer Gernika bakearen aldeko kazetaritza saria banatuko dute, eta sari hori jasoko duen lehenengo gerra kazetaria izango da Mikel Aiestaran. Kazetariak Ekialde Ertainean egiten duen lana sarituko dute arduradunek apirilaren 27an.
Nazioarteko edozein informazio kontatzea lanbidetzat duten, eta bakearen aldeko eta giza eskubideen aldeko kazetaritza egiten dutenen lana aintzat hartzea da sariaren helburu nagusia. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatearentzako beharrezkoa da memoria historikoaren lanketa bultzatzea: “Gernika-Lumon gertatutakoa ikusita, gernikarrontzako ondarerik garrantzitsuena da memoria historikoa, eta sari hau beste pauso bat da hori lantzen jarraitzeko”.
1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumok jasandako bonbardaketaren gertaerak mundu zabalera hedatu zituen britainiar kazetariaren izena darama. “Urtero gerra kazetariei euren lana goraipatzeko George Steerri omenaldi xumea egiten diogu. Aurten, baina, horrez aparte, bere izena daraman saria banatuko dugu”, adierazi du Gernika-Lumoko alkateak. The Times eta The New York Times egunkarietan egin zuen Gernikako bonbardaketaren kronika Steerrek.
Gernika-Lumoko Udalak, gainera, “egiarekiko konpromisoa erakutsi duten” kazetariei ere beste sari batzuk eman zaizkiela gogorarazi dute. “2006an, George Steer kazetariari omenaldia egin zitzaion eta duela bi urte Mathieu Corman kazetari Belgikarrari ‘Ce Soir’ egunkariak egindako lana saritu zitzaion”.
Horrez gain, Gernikak urtero ematen ditu Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Sariak, eta aurten Christos Stylianides zipretar politikariak eta Paul Preston, Ángel Viñas eta Xabier Irujo historialariek jasoko dute apirilaren 26an.