'Elkarrekin edozer lortu geinke' elkartasun jaialdiak jendez bete du Astra ingurua
Endika Salegiri laguntzeko elkartasun jaiak jendez bete du Gernika-Lumoko Astra ingurua. Ehunka herritarrek bat egin dute jaialdagaz.
Oztopoei aurre egiteko hainbat pauso ematen ari dira gaur Gernika-Lumon. Kotxez egin dituzte lehenengo kilometroak, lasterketa autoek udalerritik buelta bat eman eta Astran aparkatu ondoren hasi baitute egun osoko jaialdia.
Burbuineko aneurisma bat sufritu zuen Endika Salegik iazko abenduan, eta haren errehabilitazioan laguntzeko jaia da ‘Elkarrekin edozer lortu geinke’. Egoera larrian egon zen Salegi, baina apurka-apurka hobetuz joan da, eta ez du amore eman.
Orain, errehabilitazio luzea dauka aurretik, baina lorpenak eskuratzeko bide horretan lagundu gura diote lagunek. Gorlizeko ospitalean dago, eta bere egoera egonkortzen denean Aritamendira eramango dute; errekuperazio neuronalean espezializatutako zentrura. Errehabilitazioa garestia da bertan, eta dirua beharrezkoa da. Hala, gaurko jaialdiagaz, diru bilketa bat egitea erabaki zuten: “Ahalik eta ekarpen gehien jaso gura ditugu. Hilean zentru horretan egotea dirutza bat da, eta lagundu egin gura diogu”
Astran ekarpenakegiten dabiltza gaur hainbat eta hainbat. Hala ere, diru laguntzak jasotzeko kontu korronte bat ere zabaldu dute lagunek. Laboral Kutxan ES63 3035 0417 4741 7101 0567 kontua zabaldu dute, eta kontzeptuan hurrengo deskribapena jarri behar da: Para tratamiento Endika Salegi.
Jai giroa. Gernikarrek zein udalerri inguruko bizilagunek ez dute hutsik egin gura izan, eta elkartasunak ez duela mugarik agerian geratu da.
Goizetik batu dira herritarrak Astra inguruan. Lasterketa autoak 11:00ak aldera gerturatu dira, eta orduan hasi dute jaialdia. Tonbola solidarioa egin dute, eta jendetza batu da bertan. Herriko merkatariek eta norbanakoek emandako askotariko produktuak egon dira, eta parte hartzea nabarmena izan da.
Ross dantza eskolako ikasleek zumba tailerra eman dute, eta bertaratutakoak mugitu dituzte. Gero, Xaibor arduratu da musika jartzeaz.
Elkartasun bazkarian ere jendetza batu da. Kulturarako fabrika soziala goraino bete dute herritarrek; barruan zein kanpoan jarri behar izan dituzte mahaiak antolatzaileek. Giro paregabean ibili dira bazkaltzen.
Eta arratsaldean, kontzertuak. 18:00etan zabalduko dituzte berriro Astrako ateak, eta musikak bustiko du kulturarako fabrika soziala. Belatzek, Mc Onakek, Txapelpunkek, Nebbianek, Nabilek, Itzalak taldeak eta Azken Deabruak taldeak girotuko dute gunea. Lehenengo joko duen taldea Mc Onak izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Eguneko argazki galeria ikusteko, sakatu hemen.