Bekoportala erakusleiho sozialak apirilean zabalduko ditu ateak
Jai giroan, Bekoportalak hartuko dituen ekintzen berri eman dute Hurtado de Mendoza Kalean. 0 eta 5 urte bitartekoei zuzendutako gunea izango da, eta Bermeoko Alde Zaharra biziz betetzeko asmoa du.
Elkarlanean erabaki zuten herritarrek eta Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna. Hala, lokala Bekoportala gune soziala bihurtzea erabaki zuten. Gaur, erakusleihoaren zerbitzuak apirilean hasiko direla jakinarazi, eta gune berriak herriari emango dizkion ekarpenez hitz egin dute.
Orubea eta lokala berreskuratzeko, eta horiek herritarren beharrizanetara egokitzeko asmoagaz hasi zuten orain dela bi urte parte hartze prozesua udalak eta Arkibai, Garapen jasangarrirako eta sozialerako arkitekto elkarteak. Alde Zaharreko eta gune horretako beharrak identifikatuz hasi zuten proiektua. Gero, gune hori herritarrek zertara bideratu gura zuten aztertu zuten.
Ainhoa Vazquez Arkibai elkarteko kideak parte hartze prozesua “ezinbesteko” elementutzat jo du gaur ekitaldian: “Parte hartzea izan da prozesu honen giltza. Herria lekuaren parte sentitzeko herriak erabaki behar du-eta zer gura duen”. Hala, alderdi politiko, norbanako eta kurtur taldeekin elkartuta, lokala espazio anitz bihurtzea erabaki zuten. “Erakusleiho sozial izena jarri diogu. Erakusleihoa erakusketak hartuko dituelako da, eta soziala, berriz, familientzako gunea izango delako”.
Erabilera bikoitza. Guneak, beraz, erabilera bikoitza izango du. Herritarrak elkartzeko gune sozial intergenerazionala alde batetik, eta bermeotarrentzako kultur erakusleiho bat bestetik. Halaber, uneko beharrizanen arabera moldatu eta transformatzeko aukera edukiko du lokalak.
Gune soziala izango da, eta bertako zerbitzu nagusia, 0 eta 5 urte bitarteko umeei zuzendutakoa izango da, beraientzat egokitu baitute gunea. Heldu eta umeentzako mahaiak eta ahulkiak jarri dituzte, eta ondo pasatzeko koltxoneta, jostailu eta liburuak ere eramango dituztela esan dute. Gainera, umeak aldatzeko mahaia ere egongo da, baita mikrouhina ere.
Gunea astelehenetik barikura bitartean 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik. Zapatuetan, baina, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ordutegi horretan begirale bat egongo da, baina umeak 0 eta 5 urte bitarteko umeak heldu batekin egon beharko dira. Udan beste ordutegi bat edukiko du Bekoportalak.
Denen argiekin biztuko dute Bekoportala Bermeotarrek. Gaur, argiz bete dute aurkezpen eguna, musika, bertso, txotxongilo eta irrintzi artean batu baitira gunearen inguruan. Dientes de Luna taldearen zuzeneko emanaldiak musikaz bete du eguerdia.
Vazquezek argi izpiak ikusi ditu, eta gunea apiriletik aurrera eguzki argiz beteko dela esan du: “Neguko iluntze batean eman genion hasiera parte hartze prozesuari. Herritar bakoitzak argi bat eman zion espazioari, eta lan asko egin eta gero, argiz beteta dagoen espazioa dela ikusi dugu. Eguzkia atera da”.
Espazioari etekina ateratzeko deia egin du Arkibai taldeko kideak. “Erabili egin behar da Bekoportala, zuena den lekua delako”, esan die bertan batutako herritarrei.