Muxikako Udalerriko XXX. Ipuin lehiaketa martxan dago
Ipuinak aurkezteko azken eguna apirilaren 1a izango da. Parte hartzaile guztiek euskara hutsean idatzita dauden lanak aurkeztu beharko dituzte, eta irabazleak apirilaren 5ean emango dituzte jakitera Zubieta Errotan.
Adin guztiei zuzendutako 30. Udal liburutegiaren ipuin lehiaketa jarri dute martxan Muxikan. Sormena bultzatzea helburu duen lehiaketan ipuinak aurkezteko azken eguna apirilaren 1a da.
Bost mailatan banatuta parte hartuko dute ipuinak idazten dituztenak: A mailan 7 urtera artekoak egongo dira; B mailan 8 eta 10 urtekoak; D mailan 11 eta 12 urtekoak; E mailan 13 eta 14 urte artekoak eta F mailan 15 urtetik gorakoak. Betiere, Muxikakoak izan beharko dira parte hartzaileak.
Parte hartzaile guztiek euskara hutsean idatzita dauden lanak aurkeztu beharko dituzte, gehienez hamar orritakoak. Edozein izan ahalko da gaia; hala ere, sormena, irudimena eta itxura hartuko du kontuan epaimahaiak.
Apirilaren 1a baino lehen udal liburutegian aurkeztu beharko da idatzitakoa, 16:00etatik 20:00etara bitartean. Halaber, antolatzaileek jakitera eman dutenez, posta elektronikoz ere bidali ahal izango dira lanak liburutegia.muxika@bizkaia.org.
Lanak aurkezteko orduan, parte hartzaileak ez ditu bere izen-abizenak ipuinean jarri behar; hala ere, adina zehaztu egin beharko du. Maila bakoitzean hiru sari egongo dira, eta urtero legez, liburuxka batean argitaratuko dituzte saritutako ipuinak.
Sari banaketa apirilaren 5ean egingo dute Zubieta Errotan, 18:30ean.