Elkarregaz oztopoak gaindituz
Endika Salegiri laguntzeko elkartasun jaialdia antolatu dute etzirako, Gernika-Lumon: 'Elkarrekin edozer lortu geinke'. Egun osoan zehar, txosnak, kontzertuak, erakusketak, zozketak... egongo dira.
Oztopoak gainditzeko pausoak ematen dituzte borrokalariek. Egoera zailei aurre egin eta helburuak lortzeko borrokatzen dute. Lagunen berbetan, borrokalari “itzela” da Endika Salegi Gernika-Lumoko bizilaguna. Orain egoera delikatuan dagoen arren, aurreranzko pausoak eman ditu. Ibilbidean, baina, elkarregaz joan gura dute lagunek, eta Salegiri laguntzeko elkartasun jaia prestatu dute zapaturako, Astran.
Iazko abenduaren 7an burbuineko aneurisma bat apurtu zitzaion Salegiri, eta koman geratu zen. Medikuek hori gertatzen zaien gaixoen %90 lehenengo orduetan hiltzen dela esan zieten senideei. Ez zen gernikarraren kasua izan. Apurka-apurka hobetuz joan zen, eta borrokalari bikaina den legez, 40 egunetara esnatu zen.
Ez du amore eman, eta bere egoera hobetu den arren, ibilbidean aurrera egiten lagundu gura diete herritarrek. Errehabilitazioa egiten dabil orain, eta luzerako dauka. Gorlizeko ospitalean dago, eta bere egoera egonkortzen denean Aritamendira eramango dute; errekuperazio neuronalean espezializatutako zentrura, beraz. Errehabilitazioa garestia da bertan, eta dirua beharrezkoa da. Hala, jaialdi baten bidez, diru bilketa bat egitea erabaki zuten lagunek: “Ahalik eta ekarpen gehien jaso gura ditugu, ahalik eta gutxien gastatuta. Hilean zentru horretan egotea dirutza bat da, eta lagundu gura diogu”.
Hiru-lau lagun hasi ziren jaialdia prestatzen, baina herritarrek ekarpenekin adin eta gustu guztientzako den eguna antolatu dute. “Herritarrak laguntzen hasi ziren, eta gero eta jende gehiagok egiten ditu ekarpenak. Dendek hainbat produktu dohaitzan eman dizkigute jaialdiko tonbolarako, eta beste batzuek ahal dutenean lagundu dute”.
Jaialdian, aukera asko. Goizeko 11:00etan hasiko dute eguna zapatuan. Lasterketa autoek hartuko dute udalerria: “Autoek buelta bat emango dute herritik, eta horiek ikusi ahalko dira gero Astrako parkinean”. Eguerdian bazkaria egingo dute, baina lehenago Ross dantza eskolako dantzariek ikuskizuna emango dutela zehaztu dute antolatzaileek. Bertsolariak ere oholtza gainera igoko dira, 17:00ak bitartean.
17:00etan Astrako ateak itxiko dituzte, baina 18:00etan zabalduko dituzte berriro, eta musikak bustiko du kulturarako fabrika soziala. Belatzek, Mc Onakek, Txapelpunkek, Nebbianek, Nabilek, Itzalak taldeak eta Azken Deabruak taldeak girotuko dute Astra. Lehenengo joko duen taldea Mc Onak izango da.
Herriko elkarte, talde eta denden laguntza eskertu dute antolatzaileek, baita norbanakoena ere. “Herriko jendearen laguntza ikaragarria jaso dugu, baita kanpoko jendearena ere, Kataluniakoena”, esan dute antolatzaileek. Hala, herritarrei zapatuko ekintzetan parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek: “Jendeak asko lagundu digu, baina herritarrei hurbiltzeko deia egiten diegu. Sorpresa asko egongo dira”.
Aurrerantzean, gehiago. Astran ekarpenak egiteko aukera izango dute hainbatek. Hala ere, diru laguntzak jasotzeko kontu korronte bat ere zabaldu dute lagunek. Laboral Kutxan ES63 3035 0417 4741 7101 0567 zenbakia jarri dute, eta kontzeptuan hurrengo deskribapena jarri behar da: Para tratamiento Endika Salegi.
Zapatuko jaialdiagaz ezeze, aurrerantzean beste bat egitea aurreikusi dute, baina hori “oraindik zehazteke dago”.