Basoko langile bat hil da Muxikan
LAB sindikatuak irmoki salatu du basoko langilearen heriotza, eta istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Muxikako Muniketa auzoan gertatu zen ezbeharra atzo 16:15 inguruan. Mozten ari zen zuhaitza gainera erori zitzaion basoko 61 urteko langileari, eta azpian harrapatuta geratu zen. Suhiltzaileak istripuaren tokira joan ziren, baina ezin izan dute langilea bizirik erreskatatu.
LAB sindikatuak irmoki salatu du basoko langilearen heriotza. Babes eta elkartasuna adierazi die familiari eta inguruko adiskidei, eta istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Basogintzaren sektorean arriskuak handiak direla dio sindikatuak, eta lan baldintzak, gero eta prekariagoak: “Langileen osasuna eta bizitzaren gainetik irabazi ekonomikoak nagusitzen dira”. Hala, muxikan hildako langilearen heriotzaren arrazoiak ikertzea eta lan baldintzak aztertzea eskatu du LABek. Gainera, erantzuleak seinalatu behar direla esan du.
Instituzio eta gobernuei beste alde batera ez begiratzeko deia egin die sindikatuak, eta “behingoz” lan osasun politikak errotik aldatzea exijitu die: “Neurriak hartu eta lanean ematen diren istripuak ekiditzeko beharrezkoak diren politika errealak martxan jarri behar dira. Interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna da bermatu beharrekoa”.
Egoera “kezkagarria”. Busturialdea eta Lea-Artibain bi basoko langile hil dira azken bost hilabeteetan. Dagoenerako, 10 dira aurten lan istripuz zendu direnak Euskal Herrian; Bizkaian, 5.
LABek “kezkagarritzat” eta “asaldagarritzat” hartu ditu lan istripu horiek: “Lan istripuen gorakada ez da jarduera ekonomikoaren hazkundearen ondorioa, prekarietate politikaren eta erakundeek lan osasunean egiten ez duten kontrolena baizik”.
Sindikatuak lanean eta borrokan jarraituko duela adierazi du, “langileen eskubide, segurtasun eta osasunaren alde”. Horregatik, langileen segurtasuna eta osasuna aintzat hartzen duen marko propioa baten beharra aldarrikatu du.