Elkartasun internazionalista sendotzeko deia
Brasilgo Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimenduaren aldeko elkartasun internazionala sendotzeko deia egin dute Gernikatik Mundurak, Astrak eta Mundukidek. Hala, elkarteen arteko topaketak burutuko dituzte etzi, Astran.
Topaketak hausnarketa eta ideien bilguneak dira. Bakoitzak gura duena bere erara eta nahi duenean plazaratu dezake-eta. Bilera horietan ekintza desberdinez edota edozein gaiez hitz egin dezakete bertaratutakoek.
Gernika-Lumoko kulturarako fabrika soziala hainbat topalekuren aterpe izan da, eta etzi elkarteen arteko topaketa hartuko du. Brasilgo Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimenduari elkartasun sareak eraikiz laguntza eskaini gura diete eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat elkartek. Hala, mugimendu horren aldeko elkartasun internazionalista zelan bultza dezaketen aztertuko dute. 16:00etan jarri dute hitzordua Astran, eta 21:00ak bitartean bertan egongo dira.
Lurrik gabeko Brasilgo langileen mugimenduak batzordeen arteko Europako topaketa egiteko deia egin du apirilaren 13 eta 14rako. Bertan, brasildar langileek bizi duten egoeraren berri emango dute. Hala, baina, topaketa horiek baino lehen, Euskal Herriko elkarte eta eragileekin elkartu gura izan dute mugimenduko kideek, eta bilera hori Gernika-Lumon egitea erabaki dute. Topaketagaz bat egin dute eskualdeko Astrak, Maierrek eta Gernikatik Mundura elkarteak. Halaber, Euskal Herriko MSTko lagunak eta Mundukide kooperatibako ordezkariak ere egongo dira.
“Topaketaren helburu nagusia gure elkarte eta kolektiboen bidez, mugimenduarekiko zein ekarpen egin dezakegun pentsatzea da”, azaldu dute arduradunek. Elkartasun internazionalistarako sareak “sustatu eta sendotu” gura dituztela jakinarazi dute gainera. Hala, Bolsonaroren gobernuaren isolamendu politikoari buruz hitz egingo dute, bai eta mugimendu eta militanteen aurkako kriminalizazio eta jazarpen prozesuak salatzeari buruz ere. Arduradunek jakinarazi dutenez, Lula Livre Kanpainaren sustapenean laguntzea gustatuko litzaieke, baita Nekazari borroken nazioarteko egunerako ekintzak prestatzen laguntzea ere. Aztertuko duten bosgarren puntua, berriz, Lurrik Gabeko Mugimenduak eta Florestan Fernandes Eskola Nazionala diruz laguntzea izango da.
Asko dira etzi elkarteek aztertuko dituzten puntuak: “Askotarikoak dira lan ildoak, baina kontua ez da gehiegizko karga hartzea. Elkartzea eta bakoitzarenn egitekoak kontutan izanda mugimenduari zein ekarpen egin diezaiokegun erabakitzea baizik”.
Erabaki horiek aztertzeaz gain, Parisko topaketetara Euskal Herriko zein pertsona edo elkartek joango diren jakitea da bileraren asmoa, “dena ondo antolatu ahal izateko”.
Egitaraua:
Martxoak 22:
– 16:00-19:00. Elkarteen arteko topaketa. Nola sendotu MST mugimenduaren aldeko elkartasun internazionalista.
– 19:00-21:00. Hitzaldi solasaldia. Nekazarien eta MST mugimenduaren erresistentzia Bolsonaroren gobernuaren aurrean Jainaina Stronzakeren eskutik, solasaldia. Mundukideren izenean MST mugimenduaren alde sortutako proiektuen aurkezpena emango du Unax Zabalak, Mundukide Fundazioa.