Martxoaren 29a da ipuin lehiaketan parte hartzeko azken eguna
Euskara eta sormena lantzeko XX. Ipuin Lehiaketa antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak. Ipuinak aurkezteko azken eguna da martxoaren 29a, eta sari banaketa maiatzaren 3an egingo dute.
Ipuin lehiaketa antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak, herriko umeen euskara eta sormena lantzea bultzatu asmoz. Lehiaketaren 20. edizioa izango da aurtengoa, eta lanak aurkezteko azken eguna martxoren 29a izango da. Lanak Aretxederreta Kultur Etxean aurkeztu beharko dira, 17:00etatik 20:30era, edo Montorre eskolan.
7 eta 12 urte arteko gazte guztiek parte hartu ahal izango dute, eta ipuinen gaia librea izango da. Guztiak euskaraz idatzita egon beharko direla jakinarazi dute arduradunek, eta parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du. Mailaka, hiru kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak: lehenengoan, lehenengo eta bigarren mailakoak egongo dira, eta horiek, gehienez, orrialde bat idatzi beharko dute, marrazkia barne. Maila horretan eskuz idatzi beharko dute parte hartzaileek. Bigarren kategoria hirugarren eta laugarren mailakoek osatuko dute, eta bina orrialde idatzi beharko dituzte, marrazkia barne. Bost eta seigarren mailakoak hirugarren kategorian egongo dira, eta orrialde bi edo gehiago idatzi ahalko dituzte.
Ipuinak gutunazal handi eta itxi batean aurkeztu beharko dira. Horretan, idazlearen adina eta ipuinaren izenburua jarri behar dira. Gutunazal handiaren barruan, beste gutunazal txikiago batean, ipuinaren izena eta egilearen datuak jarri beharko dira –izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa–.
Sari banaketa maiatzaren 3an egingo dute, 17:00etan, Aretxederreta kultur etxean. Epaimahaiak lanen irudimena, sormena eta aurkezteko modua hartuko ditu kontuan. Kategoria bakoitzeko irabazleak sari bana jasoko du. Halaber, parte hartzaile guztientzako saria egongo dela aurreratu dute arduradunek.