Iratxe Arriola da EH Bilduren zerrendaburua Busturia-Uribe barrutian
Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaien aurkezpena egin du EH Bilduk, eta Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburua da Iratxe Arriola. Gaur gaurkoz, Eako alkatea da.
Udal eta foru hauteskundeak izango dira maiatzaren 26an, eta EH Bilduk barrutietako hautagaiak aurkeztu ditu. Hala, Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburu aukeratu dute Iratxe Arriola Eako alkatea. Asier Vega Isasik, Onintze Oleaga Soleagak eta Endika Montes Uñak osatzen dute Lea-Artibai eta Busturialdea parte diren barrutiaren EH Bilduko hautagaien zerrenda.
Koalizio abertzaleko kideek primarien bidez aukeratu dituzte zerrendako kideak, eta koalizioaren esanetan, “talde anitza, orekatua eta sendoa” osatu dute. Horretara heltzeko aukeraketa prozesua, gainera, “oso emankorra” izan dela adierazi dute.
Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaien taldea ez dela zerotik hasten gaineratu du EH Bilduk: “Aurreko legegintzaldiko esperientzia eta egindako lana aprobetxatuko du talde honek, eta ideia horiekin Bizkaiari bultzada emateaz arduratuko da taldea”.
EH Bilduk esan du hautagaien helburu nagusia Bizkaiko baliabideak herritarren zerbitzura jartzea izango dela: “Herrialde honen baliabide eta ahalmen guztia herritarren zerbitzura jarri behar dugu. Pertsona guztientzako zerbitzu eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen politika egitea beharrezkoa delako”.
Arazo nagusia. Bizkaian ondo bizitzeko baliabideak badaudela uste du koalizio abertzaleak, baina arazo nagusia baliabide horien kudeaketa dela dio.
“Bere etorkizuna sektore ekonomiko bakarrera mugatzen duen herrialdeak urte zailak izango ditu aurretik. Beraz, ekonomiaren dibertsifikazioa ezinbestekoa izango da Bizkaiak daukan ahalmen guztia azalerazteko eta bertan bizi garenoi zerbitzu duinak eskaintzeko”, dio Bea Ilardia EH Bilduko Durangaldea-Arratia barrutiko zerrendaburuak; Bizkaiko Ahaldun Nagusia izateko koalizio abertzailearen hautagaia ere bada.
Hala, gardentasuna ta herritarren parte hartzea “ezinbestekotzat” jotzen duten hautagaien zerrenda aurkeztu dute.