Klima aldaketaren aurka agertu dira Gernika-Lumoko Institutuko ikasle eta irakasleak
Mundu guztiko ikasleek klima aldaketaren kontrako protestak egin dituzte gaur, eta aldarrikapen horiekaz bat egin dute Gernika-Lumoko Institutuko ikasleek.
Klima aldaketaren kontrako greba deitu zuten ikasleek gaurko, eta protestagaz bat egin dute Gernika-Lumoko Institutuko ikasleek. Greba egin ez duten ikasle eta irakasleek, baina, elkarretaratzea egin dute klima aldaketaren aurka daudela adierazteko.
Greta Thunberg 16 urteko suediar gazteak klima aldaketaren kontrako borroka abiarazi zuen irailean. Izan ere, ordutik, Suediako Parlamentuaren aurrean ostiralero mobilizatu da. Thunbergek beti eduki du eskuetan Klimaren aldeko ikasle greba dioen pankarta.
Haren ereduari jarraitu diote mundu guztiko milaka ikaslek, eta 270 herrialdetan egin dituzte protestak. Gaurko, nazioarteko mobilizazio bat antolatu zuten Friday for the future lelopean, eta grebagaz bat egin dute udalerriko institutuko ikasleek.
Klimaren alde. Ikasleentzat greba eguna izan bada ere, klima aldaketaren kontrako ahotsak entzun dira institutuan. Agenda 21eko irakasleek jakinarazi dutenez, grebagaz ohartu bezain pronto, protestagaz bat egiten dutela adierazteko elkarretaratzea egite pentsatu zuten: “Ez dugu grebarik egin, baina klima aldaketaren aurka gaudela adierazi gura izan dugu era batera edo bestera. Horregatik, elkarretaratzea egin dugu eta hainbat ikasle eta irakasle bertaratu dira”.
Gainera, datorren astetik aurrera klima aldaketaren egoera zein zen aztertuko dutela esan dute Agenda 21eko arduradunek: “Gaurko greba abiapuntu hartuta etorkizunean zer egin daitekeen aztertuko dugu ikasleekin, egoeraren balorazioa eginez eta aukera desberdinak aztertuz”.