Skooterada egingo dute etzi Gernika-Lumon, bosgarrenez
Eskualdean urtez urte parte hartzaile gehiago dituen ekimena da motozaleena. Aurten, ibaiaren bi aldeetatik ibilko dira, eta geldialdiak egingo dituzte Ekoetxea Urdaibain eta Urdaibai Bird Centerren.
Motozaleek Skooterada ospatuko dute etzi Gernika-Lumon, bosgarren urtez jarraian. Iaz, 45 lagun inguru batu ziren, eta aurtego irteeran gehiago izatea espero dute antolatzaileek. Eskualdean urtez urte parte hartzaile gehiago dituen ekimena da motozaleena.
Iaz udalerria eta Markina-Xemein batu zituen bidea egin zuten, zesta-puntagaz zerikusia zeukana. Aurten baina, Oka ibaiaren inguruko bi aldeetatik ibiliko dira, lehenengoz. “Urtetik urtera berritasunen bat edo beste antolatzen saiatzen gara, eta aurten bi alde horiek lotzea erabaki dugu”, adierazi du Xabier Olano antolatzaileak. Orain arte, ibaiaren eskuma aldetik ibili direla aitortu du Olanok, eta aurten ezkerraldetik igarotzea erabaki dutela esan du.
Urdaibaiko ingurua “oso erakargarria” delako ibilbide nagusiak saihestuko dituztela aitortu du: “Beste urte batez ohiko bideetatik aldendu, errepide nagusiak saihestuko ditugu”. Hala, errepide nagusietatik kanpo dagoen Lumo eta Metxika arteko ibilbidea prestatu dugu aurten.
Eguneko egitaraua. 10:00etan batuko dira Avia gasolindegiaren aurrean; handik Metxikara joango dira, Fruizeraino. Gero, Busturira iritsiko dira eta geldialdia egingo dute Ekoetxea Urdaibaien. Madariaga dorretik Gernika-Lumora bueltatu eta handik Ibarrangelura joango dira Bigarren geldialdia Gautegiz-Arteagako Bird Centerren egingo dute. Bi begiratoki horiek “oso erakargarriak dira Olanorentzat: “Ikuspegi galantak eskaintzen dituzten bi begiratoki dira, oso esanguratsuak. Bakoitza estuarioaren alde batean dago eta oso erakargarriak dira biak ala biak”.
Aurten, Astrako bunkerrean bukatuko dute bidea, eta Turismo Bulegoko arduradunek bisita gidatua egingo diete ibilbidera bertaratzen direnei. Egunari bukaera emateko, bunkerretik San Juan Ibarrara joango dira, Lekuek jaialdiaren barnean antolatutako 70´s binilo sesioaz gozatzera. Joseba Pintxak girotuta, zozketa eta kopaua egingo dituzte.
Elkartasunari keinu. Gernika-Lumoko bizilaguna den Endikak beharrezkoa duen tratamendua jasotzeko jaialdia egingo dute hurrengo asteburuan, baina hori baino lehen, Skooteradan ekarpenak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek.