Preso gaixoen eskubideen aldeko ekimenak egingo dituzte zapatuan, Bilbon
Preso gaixo larrien alde zazpi zubi bete eta bi martxa egingo dituzte Bilbon, zapatuan. Eskualdeko herritarrei parte hartzeko deia egin die Sarek.
Gaixorik dauden euskal presoen eskubideen aldeko kontzentrazioak eta martxa deitu ditu Ni Zu Bi herri ekimenak. Hala, preso gaixo larrien alde zazpi zubi bete eta bi martxa egingo dituzte Bilbon, zapatuan. Eskualdeko herritarrei parte hartzeko deia egin die Sarek.
Kepa Arronategi, Ibon Iparragirre, Gorka Fraile, Joseba Borde eta Txus Martin presoen senideek bultzatu dute ekimena, eta agintari publikoei “urgentziaz” eta “berme guztiekin” larriki gaixo dauden presoak aske uzteko eskatuko diete zapatuan. Izan ere, antolatzaileen berbetan, berez etxean egon beharko lukete. Presoen eskubideak bermatzea “premiazkoa eta hil ala bizikoa” delako antolatu dute ekimena.
12:00etan Bizkaiko hiriburuko zubi guztietan elkarretaratzeak egingo dituzte, herritarrak zubilanetan aktibatzeko –Deustuko Zubian, Pedro Arrupen, Zubi Zurin, udaletxeko zubian, Areatzakoan, Merceden eta San Antonen—. Hala, eskualdeen arteko banaketa egin dute arduradunek, “antolakuntza eraginkortzeko”.
Busturialdeko herritarrak Pedro Arrupe zubian egongo dira. Gero, 12:30ean, bi martxa aterako dira San Antongo eta Deustuko zubietatik, eta udaletxe aurretik pasatuta, Arriaga plazan amaituko dute bidea. Bertan adierazpen batzuk egingo dituzte.
Antolatzaileek zubietatik igarotzen diren oinezkoei lekua uztea eskatu dute, bidea ez oztopatzeko. Gainera, zubietatik suziriak ez jaurtitzeko gomendioa ere eman dute.
Autobus zerbitzuak. Lea-Artibai eta Mutrikun, Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte. Busturialdean, berriz, lineako autobusetan joango dira.