Atorrek eta lamiek herriko kaleak musikaz bete dituzte
Ohiturak jarraituz eta Aratuste abestia kantatuz Ator Eguna ospatzen dabiltza Mundakan. Arratsaldeko 18:00etan Lamiak aterako dira plazara.
Aratuste, aratuste, mundakarrentzat egun hobarik ez. Marrau atorra zuriakaz, buruan pañuelo sedazko ederragaz. Aratuste, aratuste, tostada egunak ederrak honexek. Honek jan eta neskak hartunda, plazara dantzan iluntzera arte. Ohiturak jarraituz eta Aratuste abestia kantatuz Ator Eguna ospatzen dabiltza Mundakan.
Eguna lagun dute, eta goizetik kolorez, musikaz, dantzaz eta mozorroz bete dituzte Mundakako kaleak herritarrek. Goizetik nabaritu da jai giroa, eta 12:30 iritsi direnerako, kaleak jendez beteta egon dira. Eguneroko janzkera alde batera utzi dute, eta mozorroak hartuta lagun artean gozatzen dabiltza mundakarrak.
Argazki galeria ikusgai, hemen.
Aratuste abestiagaz hasi dira atorrak, baina beste hainbat abesti kantatu dituzte bi ordu eta erdi inguru iraun duen kalejiran. Usadioari jarraituz, “La Fonda” jatetxearen aurrean hasi dute ibilbidea, Jose Mari Egileorren omenez. Izan ere, Egileor izan zen 36ko Gerraren bukaeran Atorren eta Lamien ohitura berreskuratu zuena. Aurten, gainera, portuan amaitu dute ibilbidea (iaz, euriagatik, plazako arkupeetan babestu ziren atorrak).
Arratsaldean, lamien txanda izan da. Pazatik aterata, kalez kale ibili dira lamiak, Mundakara hurbildutakoak animatzen.
Argazki galeria ikusgai, hemen.