Meakaurreko eliza aurrea konpondu du Morgako Udalak
Meakaurreko eliza aurrea hilabete batean konpondu du Morgako Udalak. Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak eman dizkio horretarako, eta guztira 35.105 euroko lana izan da.
Dagoenerako itxura berritua du Morgako Meakaurreko eliza aurrealdeak, izan ere, udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz konponketak egin ditu plaza horretan. Guztira 35.105 euroko obra izan da, eta aldundiak 22.820,68 euroko diru laguntza eman dio udalari.
Mari Tere Artetxe Morgako alkateak azaldu duenez, hilabete “eskaz” iraun du eliza aurreko obrak, eta zailtasun “gutxiko” lana izan dela dio. Alkatearen berbetan, Meakaurreko eliza aurreak itxura hobetzeko “beharra” izan duelako egin dituzte lanok: “San Martin egunean herriko dantzariek dantza egiten dute bertan, eta iazko azaroaren 11n hainbatek estropezu egin zuten, eta plazako zorua hobetu beharra zegoela ohartu ginen orduan”.
Hala, herritarren eskaerei jaramon eginda, eta lekua hobetzeko beharrizanaz ohartuta, urtarrilean hasi zituzten lanok. Besteren artean, hondatuta zegoen zoruaren fresaketa egin dute, eta kutxatilak kotan jarri dituztela ere azaldu du alkateak. Gainera, asfaltu aglomeratuarekin itzulikatze berria eratu dute. “Etxebizitzen ataria baino altuagoa da plaza horretako zorua, eta obrak egiterako orduan, hiri kanalizazioa ere egin behar izan dute, baina erraz egin dira lanok”, dio Artetxek. Horregatik, zoru berria egin aurretik, elizako hormari erantsita dagoen betoi arroila azpian kolektore bat kokatu zuten ura bideratzeko. Horrez gain, Etxezar baserriaren eta plazaren bitarteko mugan burdin hesi bat jarri dute.
Itxura berritua. Obrak bukatuta, ingurunea “atondu” dutela aitortu du alkateak, eta ederra den elizari aurrealde “egokia” eman diotela esan du. “Herritarrek elizarako bidea hartzen zutenean estropezu egiten zuten, eta orain arazo hori konponduta dago”, aitortu du Artetxek.